Alderdiaren estatutuei dagokienez, EAJren Batzar Nagusian egindako aldaketak dira nabarmenenak. 71 kide izatetik 100 partaide izatera pasatuko da. Horietatik, 15na izango dituzte Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa; 5na izango dira Ipar Euskal Herriko eta diasporako ordezkariak; eta, azkenik beste 30 herrialdeen artean banatuko dira militante kopuruaren arabera. Horrela, Batzar Nagusian Bizkaiko pisua errealitatearekiko antza gehiago izango du, bertan alderdia osatzen duten 33.000 lagunetatik 24.000 afiliatu baitira.
Beste aldetik, "Euskadi Nazioa Europan" agiria berretsi dute jeltzaleek. Txostenak 2015erako data ezarria du Espainiako Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko harremanetarako estatus politiko eta juridiko berri bat adosteko. Testu horrekin batera, krisialdi ekonomikoa gainditzeko 250 proposamen biltzen dituen "Etorkizuna lantzen" txostena ere onartu du Batzar Nagusiak.
Etorkizun motzean, Ajuria Enea eta Eusko Jaurlaritza berreskuratzea jarri du helburutzat Iñigo Urkullu EBBko presidenteak.
Koldo Mediavilla
Mediavilla 1961eko maiatzaren 5ean jaio zen Bilbon, sendi abertzale batean. 16 urte zituela EAJko alderdikide bilakatu zen eta egun Algortako Uri Erakundeko kidea da. Kazetaritza ikasi zuen EHUn eta 1983an "Deia" egunkarian hasi zen lanean. Bi urte beranduago "Euzkadi" aldizkariaren zuzendaritza ardura hartu zuen, pare bat urtez. 1995ean, "Deia"-ra bueltatu zen ohiko iritzi-emailea bihurtuz. Urte horretan, Euskal Irrati Telebistako batzarkidea aukeratu zuten eta bertan jarraitu zuen 2009ra arte. Aldi berean, 1999tik 2002ra, RTVEk EAEn duen Aholkularitza Kontseiluko presidentea izan zen. Garai horretan, "Hermes" gogoeta eta historia aldizkariko zuzendaria izan zen.
Baina, Bizkaiko Foru Aldundian ere karrera egin du Mediavillak. 1999 eta 2003 bitartean Komunikazio eta Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiko arduraduna izan zen. Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritzaren idazkari nagusia bilakatu zen, askoren arabera "Jose Luis Bilbaoren laguntzailerik gertuena". Bertan lan egin du pasa den foru hauteskundeetan Busturia-Uribeko barrutitik foru legebiltzarkide aukeratu zutenera arte. Ondoren, Batzar Nagusietako lehendakariordea izendatu zuten.
EAJren VI. Batzar Nagusia argazkitan (© EAJ)
Iñigo Urkulluren diskurtsoa (© EAJ)