Manuel Fraga Iribarne bart, gaueko 23:00ak aldera zendu da Madrilen, bere etxeko ohean, 89 zituela. Senideek Europa Press agentziari jakinarazi diotenez, arnasa gelditzearen ondorioz hil da. 1976ko martxoaren 3an, Espainiako Poliziak
Gasteizen egindako sarraskiaren eta bost langileen erailketaren erantzukizuna leporatu ohi zaizkio Fragari, orduan Gobernazio ministroa zena. Ildo horretan, Gustavo Luca de Tena idazle galiziarrak 2001ean kaleratutako "Fraga, retrato de un fascista" liburuak zuzenean salatu zuen, hainbat informazio eta datu emanez. Frankismoaren ostean, Alianza Popular alderdi eskuindarra bultzatu zuen eta PP sortu zenetik alderdi horren presidente izan da. 1990etik 2005era Galiziako Xuntako presidente izan zen. Francoren kolaboratzaile guztiekin gertatu den bezala, Fraga inoiz ez dute epaitu diktaduran izandako ardura eta balizko delituengatik. Gobernazio ministroa izateaz gain, Espainiako Gobernuko presidentea ere izan zen, eta tartean Informazio eta Turismo ministerioa ere gidatu zuen. Palomares herrian eroritako lehergailu nuklear batetik 100 kilometrora hartutako bainuagatik ere egin zen ezagun. Argazkian, Manuel Fraga Iribarne / cc-by
Chesi - Fotos CC.