Gatazka: "Gatazka Guneak agur esaten du"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urt. 17a, 15:34

2006an hasi zen Gatazka Gunearen ibilbidea. 2012ko urtarrilean berau bukatutzat ematen dugu arrazoi ezberdinek bultzatuak. Gatazka sortu zen Likiniano Elkarteak Erronda kalean unera arte egindako ekimenei jarraipen bat emateko asmoarekin. Agerikoa da kolektiboa korrika eta presaka sortu zela eta finkatzeko oinarriak eskasak zirela; irekia zen gunea mantendu aurrekoaren antzeko aktibitate batekin eta Likinianoren ikurretako bat zen argitalpen sailari eutsi. Ekimen honetara jendea erakarri zuen arrazoi garrantzitsuenetakoa izan zen oinarri antiautoritarioak zituen kolektibo bat sortzea, Likinianok bere desagerpenean argitaraturiko autokritikan gehien azpimarratu zuen zioa gainditu nahian; kalean presentzia bat izateko nahia. Argazkian, Sirokak bezala eskualdeko hainbat musika taldek baliatu dute Gatazka Gunea disko berriak aurkezteko.

Jarduera hasi eta gutxira, proiektuaren alor kolektibo eta politikoena ondoratu zen. Nahita izan edo kolektibo beretik utzi zelako, lokala mantentzearen eguneroko zereginek eztabaida politikoari zuzenduriko tartea desagerrarazi zuten. Epe motzean desagertuz Joan ziren hasierako proiektuak erakarri zituzten pertsonak, liberatuak eta egunerokotasunean laguntzen zuten boluntario batzuez gain, militatzeko irrikak zituztenek ez zuten ekintza politikorik aurrera eramateko tarterik. Pertsona hauek orokorrean, azkenik, AHTaren kontrako mugimenduan sartu eta Gatazka utzi zuten. Supitu batean, kolektiboak gaitz likinianiko okerrenak errepikatu zituen. Honakoa, soldatapeko pertsonez gain amaraun politiko eza, alegia, lokala ixteko arrazoietako bat da.

Hein batean ere lagundu egin du banaketa alternatiboa delakoaren hondoratzeak. Agerikoa da material politikoen zabaltze eta banaketari zuzenduak diren kolektiboak desagertzen doazela. Arazoa ez da disko edo liburuen ekoizpena desagertu dela, bai ordea, haren banaketaz arduratzen diren ekimen herrikoiak. Bestetik, banaketa alternatiboaren oinarrietako askok beharrezkoa dute ikuskatuak izatea. Honek bultzatu du DDT Banaketak, bere unean lokal honetako birika zena, hatsik gabe izatea (oraindik aurrera egiteko gogoekin edonola).

Baina ezbairik gabe, esperientzia hau amaitutzat ematera bultzatu gaituen arrazoi erabakigarria ekonomikoa izan da. Likiniano Elkartearen lekukoa hartu genuenean bagenekien egoera ekonomikoa ez zela baikorra, baina ez zen inondik ere hondagarria. Edonolaz, Likinianok bere diru-sarreretan beherakada sumatu zuen eta, gainera, kultur testuingurua berebiziko aldaketen zurrunbiloan zetzan. Likinianok bere finantza une gozoenetan funtzionatu bazuen izan zen, neurri handi batean, musikari esker; Gatazka doako musika deskargen itzalpean izan gara. Musikak tarte adierazgarria izango, nola ez, txikiagoa, alta, idatziek izan duten txokoarekin alderatuz. Pozik izan gaitezke gure neurrien pean liburu kopuru garrantzitsua eskuragarri jarri izanaz.

Mundu mailako egoera ekonomikoa dago gainera. "Finantza oparoaldia" amaitu da eta alor guztietan igar daiteke. Ekonomi eskasia honi gehitzen badiogu liburua (izan politikoa ala ez) luxuzko ondasun bat bilakatzeko bidean da… geroz eta eskasagoak dira 20 eurotik beherako diren izenburuak… liburudenda bati geratzen zaion zirrikitua ezin txikiagoa da, jende askok liburuak lortu nahi bai, baina ez zaizkie eskuragarri egiten. Azken urte erdian bertatik pasatako jendea ikaragarri jaitsi da errealitate gordin eta lazgarri honengatik. 2011ren urte amaierako hainbat soldata ezin jasotzeraino. Erabakigarria izango ez zitekeen gauza, ez balitz sakrifizio hau eginda ere egoera hobetu ez dela.

Kontutan izanik hasieratik Likinianok zituenak baino baliabide gutxiago genituela… azokak boluntarioekin egin direla liberatuen beharrean, inbertsio bakoitza neurtzeko ezinbesteko beharra, azken aldian hilean behin eskaera bakarra egin ahal izateraino, sei urtetan ia SMI delakoaren pareko soldatak igotzeko ezgaitasuna……, azken prekarietate puntu honek hausnar arazi zigun proiektuaren jarraipenaz. Azkenik, 2012ko aurreikuspenak inondik ere baikorrak ez direla kontutan izanik, azken bi hilabeteetan hausnartu dugu esperientzi hau amaitutzat ematearen beharra. Erabakia hartu beharra zen bereziki gugan konfiantza izan duten eta haiekiko erantzule sentitzen garen argitaletxe herrikoi edota kritikoen osasun ekonomikoa kutsatu aurretik. Horregatik baliatzen dugu Gabonetako kanpainaren ispilatzea gure zorrak kitatu eta agurrik ahalik eta duinena eman nahian.

Oso posiblea da batek baino gehiago ondorioztatzea erabaki bizkorregia eta behar bezala hausnartu gabea dela, eta proiektuak posible zuela lekuko edo berregituratze bat bilatzea. Alta, eta nekezia bat senti dezakegula ukatu gabe, kontua ongi aztertu dugu eta ez zaigu zilegizko iruditu Likiniano Elkartea edo Gatazkatik kanpoko inor inplikatzea azken une hauetan hainbat arrazoiengatik. Gatazkaren krisia ez da soilik ekonomikoa, estrukturala da; mantendu garen eredua egun ez da bideragarria edo ez behintzat egin beharko lukeen mailan. Ondorioz, eman zitezkeen saiakerak ez lirateke zuzeneko norabidean joanen. Bestetik, Gatazkak hein batean barnean zirenentzako lan gisa balio izan duenean, lotsagarri irudituko zitzaigukeen irekitzea soilik laguntza eskatzeko.

Oso bestelako kontua da ea Bilbon baden liburudenda alternatibo batentzako tartea. Galdera honi zalantzarik gabeko baieztapen batekin erantzuten diogu, baina izan beharko luke oso parametro ezberdinekin, elkarkorragoak, Gatazkaren ereduak arrastaka dakarren pisurik gabe. Guri behintzat hala gustatuko litzaiguke, oso mingarri egiten baitzaigu lokal honen ateak ixtea, ez soilik bere erreferentzialtasun eta presentzia fisikoagatik, baita zentzua ematen zioten erlazio, informazio iturri eta ekimen politikoengatik. Hau guztiau posible egin izan duten pertsona zein kolektiboei, gure eskerrik beroenak ematea besterik ez dugu eta hurrena arte agurtzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun