Ostiral honetatik otsailaren 24ra bitartean zabalik egongo da "Zubiak" aniztasunaren aldeko eta arrazakeriaren kontrako film laburren lehiaketarako lanak aurkezteko epea. Getxoko Udalak antolatuta, aipatu baloreak dituen gizartearen aldeko urrats gehiago ematea da ekimenaren helburua. Sariketarako oinarriak www.getxo.net/zubiak web gunean daude ikusgai. Fikziozko film laburrek eta dokumentalek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Gaiak immigrazioari eta kultur, erlijio edo gizarteko aniztasunari lotutakoak izan beharko dira, eta kultura arteko proposamenak eduki beharko dituzte kontuan, salatze ikuspegiak ahaztu gabe. Lanak 2008ko urtarrilaren 1aren ondoren ekoiztutakoak izan behar dira eta gehienezko iraupena 20 minutukoa. Euskaraz edo espainolez eginda ez dauden produkzioek amaierako elkarrizketen zerrenda aurkeztu beharko dute, frantsesera edo ingelesera egindako itzulpenarekin batera, ondoren jaialdiak, proiektatzeko ordurako, euskarazko eta espainolezko azpitituluak egin ditzan, udal iturriek zehaztu dutenez. Argazkian, arrazakeriaren kontrako ekintza Algortan / © Getxoko Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!