AHTaren aurkako ekintzaileei elkartasuna adieraziko diete etzi Larrabasterran

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urt. 17a, 18:41

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako sei ekintzaileri denera hiru urte eta lau hilabeteko zigorra ezarri die orain gutxi Gasteizko Epaitegiak. 2009an Urbinan (Araba) protesta batean Ertzaintzarekin izandako istiluen harira zigortu dituzte, "agintariei eraso egitea eta desordena publikoak eragitea" egotzita. Seietatik inor ez dute espetxeratuko. Sei ekintzaile horiei elkartasuna adierazteko asmoz, ostegun honetan, hilak 19, kontzentrazioa izango da Larrabasterran. Hitzordua 18:30ean jarri dute, metro geltoki ondoan, burdinazko surflariaren parean. Horren ostean, 19:30ean, "AHTren aurkako mugimendua eta errepresioa: ibilbide politiko eta historikoa" liburuxkaren aurkezpena egingo dute kAHTeak Txikitu kolektiboko kideek, Plaza Beltza herri kultur-gunean (Akilino Arriola, 59. Larrabasterra). Argazkian, Ertzaintza lurrean dagoen gazte baten aurka oldartzen Urbinan / AHT Gelditu! Elkarlana.

Liskarra 2009ko urtarrilaren 17an gertatu zen, Urbinan. AHT Gelditu taldeak deituta, mila lagun inguruk manifestazioa egin zuten; Urbinako plazatik tren lasterraren lanen eremu batera joan ziren. Epaiaren arabera, zubi bat eraikitzen ari ziren bide bat itxi zuten manifestariek, eta eremua zaintzen ari ziren ertzainei harriak bota zizkieten. Ertzaintza oldartu egin zitzaien, eta istiluak sortu ziren. Ondorioz, polizia eta manifestari batzuk zauritu ziren, eta Ertzaintzak zortzi ekintzaile atxilotu zituen —azkenean, sei auzipetu zituzten—.

Zigorrak

Fiskalak guztira bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen; defentsak, absoluzioa, baten kasuan izan ezik. Auzipetuetako baten abokatua fiskalarekin akordio batera iritsi zen, ertzain bat jo zuela onartu egin zuen eta. Epaileak urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio, ertzaina jotzea leporatuta. Horrez gain, 815 euroko kalte-ordaina eta 180 euroko isuna ordaindu beharko ditu. Beste lauri zazpi hilabeteko zigorra ezarri diete. Desordena publikoak eragitea eta ertzainei erasotzea egozten diete. Haietako bik 120 euroko isuna ere pagatu beharko dute, baita seigarrenak ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun