Orain hobeto dakigu Almeriako istripu batean gertatutakoa, gure kaleko ezbehar batekoarena baino. Madrileko alkatea, eta alkate ordea ere bai, ondo ezagutzen dugu, gure udalean, aitzitik bi zinegotziren izena ez dakigu. Ipar Koreako egoera ondo ezagutzen dugu, Sopelakoa… Horregatik, tokiko hedabideak beti defendatu ditugu hemendik. Horiek bertako berriak kontatzen dizkigute, hemengo kazetariak, eta gure antzeko analisiarekin. Erraz ulertzen dugu, eta erraz entzuten dugu. Iritziak, analisiak, komentarioak… Ez dira Murtziako biztanle batena, ezta New Yorkeko dikzio perfektua duen kazetariarena. Gure auzokide batena da. Hortaz, erraz alde edo kontra egongo gara, alde edo kontra jartzen gaituzte Koreako berriek? Gustura hartzen ditugu gure tokiko aldizkariak, "UK", UKberri, "Getxoberri"… edozein, umila izan arren. Bere akatsak onartzen ditugu, gure adostasuna edo gure kontrako jarrera, baita gure guztiz kontrako iritzia ere; baina hemengoa da, eta gure inguruan daude ideiak, gertakizunak, berriak eta kazetariak. Plazera ematen du, baina informazioa, eta ezagutza ere bai.
Beraz, Justuri irratiaren egitasmoaren berri izan nuenean poztu nintzen. Alde batetik, esandakoa, tokiko hedabideak ezinbestekoak dira gure egungo gizartean, bestetik euskaraz izango da. Ez da makala, euskaraz egindako hedabideak beti beharrezkoak badira, une honetan gehiago. Horietako asko, diru-laguntzen morroiak (euskararen instituzionalizazioaren arazo larri bat), itota, desagertzear edo desagertuta daude ("Nabarra" aldizkaria besteak beste).
Beharrezkoa bada ere, zerumugan arazo asko ikusten dira. Ekonomiaz gain, oraingo irratia lehiatu behar dute leku bat izateko dialean, hau da, lizentzia bat lortzeko. Administrazioaren borondatea beti ez dator kulturarekin bat; sarritan, merkatari-irizpideak dira nagusiak. Beste aldetik, erakargarria izan behar da eta hori ez da batere erraza, gero eta gutxiago dena ikusita omen dago eta.
Horretaz gain, arrisku bat azpimarratu nahi nuke: helburua tokiko hedabidea duin bat egitea izan behar da, eta euskaraz. Helburua ezin da izan euskarazko irrati bat sortzea, horrela egiten bada, zaila izango da kalitateko helburua lortzea. Euskara ezin da izan helburua nagusia, helburua lortzeko ibilgailua baizik. Ematen du berbera dela, baina ez da. Tokiko hedabideek, tokiko irratiek ere bai, bere bizitza dute, bere arazoak eta behere erronkak, gure kasuan hizkuntzaren arazoak, abantailak eta erronkak gehitu behar dira. UK aldizkaria izan liteke eredu onena. Horri ezin zaio definitu euskarazko aldizkaritzat, Uribe Kostako aldizkaritzat baizik, eta, gainera, euskaraz egiten da. Hor dago arrakasta eta hor dago bizirauteko gakoa: produktu ona zein erakargarria egin, eta gainera euskaraz.
Horretaz gain, espero dugu aurki irrati hori gure dialean agertzea, gure eskualdeak behar duelako, gure herriek behar dutelako eta guk behar dugulako, gainera, euskaraz izango “omen” denez, askoz hobeto.
Uribe Kostaz hitz egiten blogak pasa den urtarrilaren 5ean argitaratutako artikulua