Abra Bizirik Getxoko plataformak zabaldutako oharra:
Bilboko Portuko Agintaritzak portuaren Abra II gunearen ipar aldean 50 milioi metro kuboko draga erraldoia gelditu!
Bilboko Portuak Punta Lucerotik gertuko kanpo-itsasoan, Abra II izeneko hondoan, hondar eta itsas-hondoko materialen 50 milioi metro kuboren erauzketa egiteko proiektua du.
Ideia bat egiteko, xurgatu edo erauzi nahi den material horren kopuruaz, horren bolumenaren baliokidea Getxo udalerriaren azalera osoan 4 metroko alturan lurra kentzeak emango ligukeena izango zen, edo Supersurraren obrak sortu duen hondakin bolumena bost aldiz, edo 230 aldiz San Mameseko zelaia 30 metroko alturaraino betetzea litzateke.
Bilboko Portuak draga erraldoi horrek ze eragin izango zuen jakiteko, Azti enpresari eragin-azterketa eskatu zion. Azti-ren eragin-txostenean honelakoak aipatzen dira: korronteetan, olatuen alturetan, hondartzetan, itsas-azpiko izadi eta landaredian zein arrantzan eragin kaltegarriak, berehalakoak, atzeraezinak eta iraunkorrak gertatuko direla.
Getxo Udalak abenduko udal batzarrean onartu zuen duen informazio guztia herritarren esku jartzea, alegazioak egiteko bidea aztertzea eta eragin azterketa independente bat egingo zuela, nahiz eta orain arte horretatik ezer ez duen gauzatu.
Getxoko zenbait auzokide eta elkarte, honetaz kezkaturik, biltzen hasiak gara Punta Luceroko draga erraldoi horrek eragin ditzakeen kalteez informatzeko, eta draga hori gelditu nahian. Honela, Abra Bizirik Getxoko plataforma eratu dugu.
Horregatik, Ama Itsasoari egingo zaion eraso honetaz informazio bildu eta zabaltzeko, gurekin batera parte hartzeko eta mobilizatzeko dei egiten dizuegu. Zehazki, eta lehen ekitaldi modura, urtarrilaren 28an, Algortako Portu Zaharrean 13:30ean bilduko gara lehen kontzentrazio bat egiteko.
Abra Bizirik Getxoko plataforma (Portu Zaharreko arrantzaleak, Itsasoruntz, LZParen Kontrako Asanblada, EHSF, Getxo Surf, Getxo Bizia eta Getxo Bildu).
Utzi Ama Itsasoa bakean!
Facebook: Abra Bizirik Getxoko plataforma