Pasa den ostiralean, dozenaka lagun batu ziren Itzubaltzeta / Romon
Kukutza II gaztetxearen okupazioagatik
auziperatuta dauden bertako sei auzokideen eta beste 21 akusatuen alde agertzeko eta polizien "muntaia" salatzeko. Itzubaltzetako Gazte Mugimenduak jakinarazi duenez, 70 pertsona bildu ziren iluntzean Santa Eugenia plazan, "Okupazioa ez da delitua!" lelopean egin zuten elkarretaratzean. Goizean, Artatza-Romo institutuan egindako beste agerraldian, ordea, 15 lagunek hartu zuten parte. Ostiral goizean bertan deklaratu zuen Bilboko epaitegietan auzoko azken auziperatuak, besteak bezala "jabegoaren kontrako kalteak" egotzita. Fiskala eta akusazio partikularra ez ziren agertu, aurreko egunetako ildoari jarraituz. Auzia artxibatzea ala epaiketa deitzea erabaki behar du orain epaileak. Argazkian, Larraskituko lokala pasa den azaroaren 16an, ertzainek gazteak kanporatu ostean / cc-by-nc-sa Kukutza.