Gernikako Akordioa izenpetu zuten Sopelako alderdi politikoek eta beste hamaika kolektiboetako ordezkariek agerraldia egin zuten joan den igandean, Udaletxeko plazan, beraien herrikide Ion Etxegarai Begoñari elkartasuna adierazteko. 2010eko azaroaren 24an atxilotu zuten gazte sopeloztarra, bere kabuz epailearengana aurkeztera zihoanean. Handik lau hilabetera, martxoaren 30ean, askatu zuten, 20.000 euroko fidantza ordaindu ondoren. 2002ko martxoaren 15ean Algortako Iturgitxi kaleko La Caixaren kutxazain batean lehergailu bat jartzea leporatuta, bi urteko espetxe zigorra eta 17.199 euroko kalte-ordaina ezarri dizkiote Etxegarairi. Aipatu kondena "inolako justifikaziorik ez" duela iritzita, igande honetarako, urtarrilak 22, manifestaziorako deia egin dute. Hitzordua 13:00etan jarri dute Udaletxeko plazan. "Alderdi politiko guztiei eskatzen diegu une honek exijitzen duen ausardia politikoa erakuts dezaten", adierazi zuten eragineel. Izan ere, gogoratu zutenez, Sopelako Udalean Bilduk mozio bat aurkeztu zuen ebazpen judizial horren aurka eta EAJk PPrekin eta PSE-EErekin bat egin zuen ezezkoa bozkatzeko, "eta beraz, Sopelako auzokide honi babesa ukatzeko". Argazkian, Ion Etxegarai atxilotu zuten egunean auzokideek egindako manifestazioa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!