Gaur Algortan Aitor Elortza Unanue zenari hil eta sei urtera egitekoa den oroit ekitaldia debekatu egin du Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Efe albiste-agentzia espainolak zabaldu duenaren arabera, Dignidad y Justicia elkarte ultraeskuindarraren eskaera aintzat hartuz eta Fiskaltzaren txostenari jarraiki, "terrorismoaren goratze delitutzat" jo du ekitaldia magistratuak; eta hori ekiditeko "beharrezko neurriak" hartzeko agindu dio Poliziari. Bere aburuz, ekitaldia Algortako "herriko taberna batean" egitekoa da. Iturri judizialak aipatuz zabaldu du Efek, Poliziak berak "ziurtatu" diola Pedraz epaileari "Elortza ETAko kidea izan zela eta, bere gurasoekin batera, 1991n Frantzian atxilotu zutela, ustez Bartzelona komandoarekin lotura zeukalako". Albiste agentzia espainolak berak aipatu du 1993an epaitu eta absolbitu egin zutela. Argazkian, iheslarien aldeko aldarria Algortan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!