Pasa den urriaren 14an estreinatu zen Asier Altunaren
"Bertsolari" filma. Uribe Kostak bertsolaritzan tradizio eta ekarpen handia izan arren, zinemagintzako banaketa sareen misterioek eskualdetik kanpo utzi zuten pelikula.
Algortako Bertsolari Eskolak, baina, horrelako huts egitea zuzentzeari ekin zion eta Algortan zein Sopelan erakutsi zuen. Gaur, iluntzeko 8etan, ordea, bertsolaritzaren aldarrikapen hori ikusteko aukera izango da berriro ere, Leioako Berbalagun egitasmoaren eskutik. Kultur Leioako auditoriumean izango da emanaldia, sarreran hiru euro ordainduta. Ondoren, zine-foruma izango da, Asier Altuna zuzendariarekin eta Andoni Egaña Euskal Herriko txapeldun ohiarekin solasean aritzeko parada baliatu ahal izango dela, Unai Elorriaga idazle algortarra eta bertsolari ohiak eztabaida gidatuko duela. Bestalde, gaur Leioara bertaratzeko aukerarik ez dutenek, beren ordenagailuetako pantaila txikietan filmari so egitea izango dute. Izan ere, orain aste batetik hona bertsolarien sorkuntzari buruz egindako dokumentala honako helbidean eskegi baitute:
www.filmin.es/pelicula/bertsolari. Pelikula honek, besteak beste, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Miren Amuriza, Jon Sarasua eta Amets Arzallus bertsolarien partaidetza izan du. Argazkian, filmaren irudi bat / © Asier Altuna - Txintxua Films.