Aurretik, Amnistia tabernan sartu ziren kaleko arropaz jantzitako ertzain kaputxatuak, atean beste polizia kaputxatu gelditu zirela armekin, inor bertara sartzea galarazten. "Taberna barruan Aitor Elortzaren omenaldia galerazita zegoela komunikazioa eman diete tabernan zirenei. Tabernariek esan diete tabernak ez zuela loturarik ekitaldi horrekin, paperean ere ez zen taberna aipatzen eta ez dute komunikazioa hartu nahi izan. Horrez gainera, tabernan lanean zirenak identifikatu dituzte -bestela atxilotuak eramango zituztela mehatxatu diete- eta presoen argazkiak ziren ikustera joan direla esan dute", azaldu du errepresioaren kontrako erakundeak.
Tirabira
Bestalde, hainbat tirabira gertatu ziren eta horien artean polizia batek furgonetaren barrutik txistua bota zion pertsona bati aurpegian. "Beste batek adineko emakume bati 'Vete a casa, vieja' esan zion, eta Ertzaintzaren buruak, guztia entzun zuenez, 'Contrólese, agente' esanda errieta itxura besterik ez zuen egin", AAMk salatu duenez.