Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Herrizaingo Sailak 70.000 eta 80.000 euro bitarteko diru kopurua gastatu du Erandioko Ertzain hiriko lurpeko parking bateko errotulazioan,
"Deia" egunkariak gaur salatu duenez, Saileko arduradunek beraiek baieztatu diete polizien sindikatuei lanaren kostea. Egunkari jeltzalearen arabera, bitartean ertzain-etxeetan ur botilak eta egunkariak erosteari utzi diote, gastuak murrizteko. Euspel eta ELA sindikatuek ere kexu agertu dira, Brigada Higikorreko poliziek, "beltzek", "botak lotzeko kordoiak ere ez dituztelako". Komunetan, berriz, eskuak sikatzeko paperik ez dagoela nabarmendu dute. Bitartean, parkingeko obra "ilogikotzat" jo dute Euspeleko ordezkariek, "herritarrei begira diru-xahuketa hori ezin da justifikatu", haien ustez. Parking-a iragartzeko, panel argidun bat kokatu dute, okupatuta dauden tokien zenbakia seinalatzen duena. Halere, panela "txarto ibiltzen hasi da ja" poliziek zabaldu dutenez. Argazkian, Patxi Lopez lehendakaria eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua Erandioko Ertzain-hirian, 2010eko Ertzaintza Egunean / cc-by Irekia-Eusko Jaurlaritza.