Agerraldian irakurritako testua
Martxoak 10, larunbata, Konpromiso Eguna Leioan.
Euskal Herritik Bilbora, Bilbotik Leioara eta Leioatik espetxeetako sarrailatara, bidea egiten ari gara. Bidea pausutxuz-pausutxu, bakoitza bere erritmoan, baina norabide berean; alegia, Euskal Presoen eskubideak errespetarazteko bidean.
Bilboko bultzada kolosala aprobetxatuz, erritmoak bateratu eta Leioan geure ahotsa entzunarazteko hitzordua daukagu martxoaren 10ean: Elkartasun Eguna edo, hobe esanda, Konpromiso Eguna. Izan ere, bertan, herritarrok eta eragile sozial-politiko eta kulturalok euskal presoen eskubideen alde geure pausutxuak emateko aukera izango dugu.
Espazioa eta eguna soilik dago zehatuta; hortik aurrera, herritar eta eragile bakoitzaren esku dago programa, bai Elkartasun Egunekoa, bai egunaren aurretikoa.
Oraingoz, pausutxu hauek ematen hasi gara:
• Basaki musika taldea ekimenaren kanta egiten ari da, herriko beste musikari batzuen laguntzarekin. Laster, herriko txoko guztietan entzungai egongo da.
• Herriko koadrila batzuek gaueko futbol txapelketa arina antolatuko dute martxoaren 9rako; oraingoz, lau talde osatu dituzte.
• Herriko sortzaile eta artisauek azoka antolatzen ari dira; dagoeneko, zortzi postu lotu dituzte, eta asmoa da 15 baino gehiago ipintzea.
• Truko, Kuko eta Borenwaider pailazoek obra berria estreinatuko dute. Gainera, haur gunea eta jolasak ere egongo dira, Gaztetxearen eta beste lagun batzuen eskutik.
• Kirolari talde bat herri lasterketa antolatzea pentsatzen ari da.
• Peruri eta Erandioko Goiherriko auzokide batzuek herri-kirolekin zer ikusia daukan ideia bat lantzen ari dira.
• Sukaldari eta Ehiza taldeko kide batzuk 200 pertsonentzako bazkaria antolatzeaz arduratu dira.
Mus txapelketa martxan dago.
• Gaueko kontzertuak eta parranda lotzen hasiak gara.
• Eta, zelan ez! Pagoa Zulueta eta Erika Bilbao herriko presoek ere, beren lekua izango dute.
Hemendik aurrera, egitaraua lotzen jarraitzeaz gain, ahalik eta jende gehienarengana joango gara ekimenaren berri ematera eta pausutxuak eskatzera. Gure nahia da Leioan azken urteetan egon den dinamikarik handienetarikoa gauzatzea.
Leioan ere, kolosala izango da!
Gurekin harremanetan ipintzeko:
http://www.pausotxubet.tk/index.php
Facebook: Pausutxubet
Geuk be, pausutxu bet aurrera, euskal presoen eskubideen alde.
Agerraldia iruditan