Metro Bilbaoko langileek "kea saltzea" leporatu diote Oleagari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urt. 26a, 16:23

Metro Bilbaoko enpresa batzordeak "kea saltzen ibili" eta "zerua eta lurra promestu" ondoren proposamen "aldaezinak eta aldebakarrekoak" egitea leporatu dio Txema Oleaga garraio enpresako presidenteari. Ohar baten bidez, langileen ordezkariek adierazi dute asteazkenean, 18:20ean, Oleagak e-mail "laburra" bidali ziola enpresa batzordeari. Mezu horretan Administrazio Batzordeak mantenu sailean berregituratzea egiteko asmoa zuela esaten zien bakarrik. Hori ikusita, eta "premiazko balorazio gisa", erabakia "aldebakarrekoa" izan dela azpimarratu dute, "Txema Oleagak hartutakoa eta Administrazio-Kontseiluak onartua, langileen proposamenei entzungor eginda". Gaur, 05:45 eta 07:45 bitartean egindako lanuzteari dagokionez, jarraipena %90koa izan dela aipatu dute beharginen ordezkariek. Metro Bilbaoko arduradunen arabera, ordea, langileen %14k jarraitu du lanuztea. Enpresak aditzera eman duenez, lanuztea bukatu eta 08:30erako zerbitzua ohi bezala zebilen. "Geldialdiak iraun dituen bi orduetan, lan-egunetan metroa erabiltzen duten 10 pertsonatik bederatzik erabili dute", beraien hitzetan. Argazkian, geldialdiarekin batera, dozenaka langilek egin zuten manifestazioa joan den ostegunean / © LAB Metro Bilbao.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun