Beste alde batetik, eta zerbitzu teknikoen hitzetan, proiektuaren eta inpaktu-txostenaren erakusketa publikoaren eta helegiteak aurkezteko epea amaitu baino astebete lehenago izan omen zuen horren berri Getxoko Udalak. "Hala ere, auzotarrek azaroko udal batzarrean galdetu zutenean inolako informaziorik ez zutela erantzun zuten, ordura arte helegiteak egiteko denbora-tartea amaituta zen arren. Horren ondoren, udal gobernuak behin baino gehiagotan ukatu du informaziorik zuenik, eta jakin izan zuenean dagoeneko helegiteak egiteko epea itxita zegoela adierazi zuten, hala ere 'ekarpenak egiteko prest' ageri ziren, auzotarren eta Bilduren eskaeren aurrean", kritikatu du koalizio ezkertiarrak. Besteak beste, hondartzen inguruan txosten zehatzagoa, dragaren ondorengo jarraipen sakonagoa (bi urtetan behin, urtero lehen urteetan) eta informazio-bideak zabalik izatea izango dira Portuko agintariei luzatuko zaizkien eskaerak.
Helegiteak
Muskizko Udalak, Ekologistak Martxan taldeak eta Muskizko zein Getxoko auzotarrek helegiteak aurkeztu dituzte proiektuaren eta inpaktu-txostenaren inguruan, Bilduk jakinarazi duenez; baina oraindik ez dute erantzunik jaso. "Esan bezala, Getxoko Udalak, berriz, ez du ekintzarik egin eta, nahiz eta —txostenean jasotzen den moduan— honako draga honetan inpaktu handiena Abra barruko kostaldean pairatuko den, eta bereziki Ereaga eta Arrigunaga hondartzetan", salatu dute ezkertiarrek. Era berean, hondoan dauden sedimentuak mugitzean suerta daitekeen kutsadura ere ez da ondo neurtu. Muskizko Udalak eskatuta Alex Cearreta geologo eta EHUko irakasleak egindako txostenean jasotzen den legez, "oso zundaketa gutxi eta arinak" egin dira, aditu horren ustez. Izan ere, Luzuero gaina hondakin-isurketa askoren gunea izan da historikoki.