ELA sindikatuak deituta, Leioako 35 udal langile inguruk egin zuten elkarretaratzea joan den ostiralean, udaletxean bertan, lan-eskubideen murrizketak salatu eta hitzarmena eskatzeko. Adierazi zutenez, "urtebete baino gehiago" daramate hitzarmenik gabe. "Sinatu genuen azkena (Udalhitz 2008-2010) Udalak hautsi zuen bere kabuz 2010eko erdialdera, Zapateroren dekretuaren murrizketak zirela eta", gaineratu zuten. Beharginen hitzetan, Udal horretako gehiengo sindikalak, ELAk eta LABek, "bi bider" aurkeztu dute negoziazio-plataforma. Baina, "luzaroan erantzunik eman gabe, Udalak Eudelen baitan negoziatzen denari atxikituko zaiola" esan diela salatu zuten. ELAko ordezkariek gogoratu zutenez, "Eudelek ez du bilerarik egin 2010eko otsailetik". Eta egingo duenean, "beldur" agertu ziren udal langile leioztarrak, "ez ote duen gomendatutako soldata-izozketa eta beste ustekaberen bat (ordainsariak murriztu, soldatak jaitsi edo beste zerbait, seguru asko txarragoa)"; beraien ustez, "albisteak okerretik okerragora baitoaz". Eudelen zein Udalaren aurrean, beraien hitzarmena negoziatzeko duten "eskubidea" aldarrikatu dute. Udal langileek diotenez, "gure egoera gero eta txarragoa bada, denok aterako gara kaltetan. Gu eta zuok (herritarrok)". Argazkian, langileak Leioako udaletxeko frontoian.