Euskal Herriak independentzia nahi dugu, aukerarik onena delako, gure historian zehar estaturik gabe gelditu garelako gure borondatearen kontra. Hain zuzen, orain ospatzen dira 500 urte espainiar inbasiotik eta 75 Gernikako bonbardaketatik. Argi dago espainiar eta frantziar Estatuek ez dituztela gure nortasuna eta askatasuna onartzen, eta, honenbestez, bide onena geure Estatua eraikitzea da. Menpekotasunak hondoratu egiten gaitu, gure interesak aintzat hartu gabe inposatzen dizkiguten erabakien ondorioak sufritzen ditugu, eta ezin dugu ezer egin. Ezintasunez ikusten dugu geure behar eta interesen aldeko erabakiak hartzeko ahalmenik gabe, gure herriaren baliabide eta gaitasunek eskaintzen dizkiguten aukerek, ihes egiten digutela eskuetatik. Euskal Estaturik gabe ez dugu etorkizunik.
Gaur egun, Euskal Herrian irekitzen ari den aro berrian, independentisten lan bateraturako baldintzak biderkatu egin dira: une historikoa da herriaren erabakiari atea irekitzeko eta independentziari argi berdea pizteko. Guk aukera historiko hau baliatu nahi dugu, gehiengo independentistaren osaketan urratsak emateko. Oso onuragarria iruditzen zaizkigu agertokian atzematen ditugun urratsak: Aieteko Konferentzia, ETAren erabakia, independentziaren aldeko mugimenduaren hazkundea, erabakitzeko ahalmenaren aldeko giro gehientsua... Baina, espainiar eta frantziar Gobernuen joerak, berriz, kezkatu egiten gaitu, eztabaida demokratikoari uko egiten diotelako, gaur egungo inposaketak luzatuz. Hori ez da bidea. Bidea, Euskal Herriak aske erabakitzea da, eta Estatuek erabakia errespetatzea, joko zikinik gabe, inposaketarik gabe.
Independentzia lekuz kanpo zegoela, iraganeko zerbait zela, estatuak desagertzen ari zirela, independentzia beste kontinentetako kolonien afera zela, … esaten ziguten. Orain, hori dena gezurra zela ikusten dugu: independentzia aukera erreala, bideragarria eta txalogarria da, non eta gure Europan bertan. Honela adierazten digute Eskozia, Feroe Irlak, Euskal Herria eta gainetiko adibideek.
Bat egiten dugu Eskoziaren bidearekin eta independentziari buruzko erreferenduma deitzeko erabakia txalotzen dugu, gure elkartasuna osoa eskainiz eskoziar Gobernuari eta jendarte osoari. Bidean aurrera egiteko urratsak egin behar dira, hitzek soilik ez dute balio ekimenez lagunduta ez badatoz, eta ezin dugu ahaztu helburua independentzia lortzea dela.
Eskoziak bere buruaz aske erabakitzeko eskubidea dauka, inolako zalantzarik gabe, eta guztiz onartezinak dira eskoziarren erabakia mugatzeko edo baldintzatzeko saioak. Eskoziako herriak hartu behar du nahi duen bidea, inork inolako inposaketarik ezarri gabe. Bat egiten dugu eskoziar herriarekin bide ilusionagarri eta eder horretan. Eta bat egiten dugu independentziaren aldeko hautuaz, horixe baita, guretzako ere, onena, aske bizitzeko, gure nortasuna, hizkuntza eta kultura zaintzeko, gure ekonomia inposatzen diguten hondamenditik salbatzeko eta jendarte aurreratu eta justua eraikitzeko.
Gure agurrik beroena, beraz, eskoziar independentistei, eta, aldi berean, gure eskua luzatzen diegu, independentistok gure indarrak uztartzeko gai izan behar dugula uste baitugu, ahal den neurrian, eta norberaren erritmoak, nortasuna eta bide propioa errespetatuz, elkarlanerako aukerak aztertu eta baliatzeko, horrek indartsuago egingo baikaitu.
Esanguratsuki, espainiar Estatuak ez du begi onez ikusten Eskoziaren independentzia eta ez du aitortzen herrien erabakitzeko eskubidea. Estatuek bat egin nahi dute estaturik gabeko herriei bidea mozteko, bat egin dezagun estaturik gabeko herriok gure independentziaren defentsan!
Independentistak Sarea