Ostiral honetan, hilak 27, arratsaldeko 7etatik aurrera, bodyboard munduko txapeldun Eunate Agirreri merezitako omenaldia egingo dio Sopelako herriak. Ekitaldia udaletxeko hallean izango da. Bertan, bideo emanaldi batekin hasi eta, ondoren, Saioa Villanueva alkateak harrera emango dio jende-aurrekoari, udal iturriek aipatu dutenez. Ondoren, Agirrerekin zerikusia duten hainbat lagunek hitz batzuk esango dituzte, ohi denez, ohorezko aurreskuarekin amaitzeko. Kirolari sopeloztarrak azaroaren 27an irabazi zuen munduko bodyboard txapelketa Azoreetan, azken proban bere aurkari handienarekin, Isabela Sousa brasildarrarekin, lehiatu eta gero. Dagoeneko 2011ko Bizkaiko kirolari onena hautatu du Bizkaiko Kirol Prentsa Elkarteak eta igandean bertan emango diote Sabino Arana saria. Argazkia: © Sabino Arana Fundazioa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!