Getxoko Udalak eta URA Uraren Euskal Agentziak jakinarazi dutenez gaur, ostirala, behin betiko ireki egingo dute Gobela ibaian Etxezuri-Larrañazubi tarteko oinezkoentzako pasabidea, bertan aurrera eraman diren obrak amaitu ondoren. Errekan, Leioako Etorbideko zubitik Larrañazubiko eskola publikoraino doan eremuan egin diren lanak “Getxoko Gobela ibaiaren egokitzapen hidrauliko eta ingurumen berreskuratze proiektua” delakoaren barnean daude. Alde horretan, batetik, lurren kota jaitsi egin dute, uraren ibilbidea hobetzeko eta, horrekin batera, uren maila murriztu eta inguruko uholde arriskua saihesteko, udal iturriek zehaztu dutenez. Beste alde batetik, Leioako eta Jolasetako zubien eraispen eta berreraikitze lanak egin dira. "Zubi horien lehengoko arkuak ez ziren nahikoak uholdeetan ibaiak dakartzan ur handiak pasatzen uzteko", azaldu dutenez. Aste honetan, zehazki, obren barnean zeuden zerbitzu elektriko eta telefonikoen lekualdatzea amaitu da. Argazkian, azken uholdeak Larrañazubi inguruan.