Nazioartean zabaltzen den neurri berean, adierazpen askatasuna ulertzeko modu desberdinak aurkitzen dituela esan dute eta horrek herrialde bakoitzeko legeria onartzera behartzen omen dio. Beraz, legeek ematen diote neurria adierazpen askatasunari. Oso bitxia da. Are gehiago, ez du baztertzen Twitterrek herrialderen baten desagertzea, ideiak "hain desberdinak direlako".
Errealitate hurbilean, mendebaldeko Europan, Alemanian edota Frantziar estatuan hain justu, nazien alde egitearren tweetak zentsuratuak izan dira, herrialde hauetan nazien aldeko adierazpenak legez debekaturik direlako. Oso ondo. Baina Sarkozyk edota Zapaterok Libia bonbardatzea legearekin bat datorrelako? Mandela atxilotu zutenean buruzagi baltzaren aldeko tweetak egitea (oraindik ez zen existitzen, baina adibide bat da) ilegala litzateke? Otegiren aurpegiarekin batera "askatasuna" eskatzea ilegala da egun Espainiar estatuan?
Batzuen komentarioak ez direla publikatuko hemendik aurrera herrialde jakin batzuetan, bai aldiz beste lekuetan esan du Twitterrek goizez. Arratsaldez, aldiz, bozeramaile batek zehaztu egin du goizeko berria; "gure iragarkia ez du zentsurarekin zerikusirik. Legea bete baino ez dugu egingo". Ez dut zehaztasunik ikusten egia esanda.
Beldurra ematen du. Askatasuna, elkarrizketa, hartu-emana. Ez dira hauek sare sozialen azpian mantentzen diren oinarriak? Azkenik, mass-medioen akats guztiak hemen ere errepikatuko dira? Garai bateko boderearen gehiegikeriak egun legeaz mozorratzen dira. Hori badakigu ere.
Kepa Petralanda Goitia kazetari algortarrak gaur bere bitakoran argitaratutako artikulua