Algortako Herri Bilgunea: "Euskal preso eta iheslariak lantokietara!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko urt. 27a, 22:48

Egin Dezagun Bidea ekimenarekin bat eginez, 200 gizon-emakume inguru elkartu gara gaur iluntzean Algortako Telletxe plazan, urtarrileko azken ostiraleko elkarretaratzean. ELA eta LAB sindikatuek egin dute oraingo honetan deialdia, euskal preso eta iheslari politikoak etxera, lantokietara ekar ditzatela eskatuz. Hain zuzen ere, herriko gatibuen senideen eskutik jaso dute elkartasunaren kinkea. Urteko azken ostiralean horien guztien maitasuna eta kemena goraipatu nahi izan genuen; baita gaurkoan ere. Egunerokotasunean, euren seme-alaba, senar-emazte, guraso, bilobak... hain urrun eta egoera latzetan mantentzen dituzten espainiar eta frantziar espetxe politika errepresiboei aurre egiteko duten adorea eredugarri delako. Beraz, eskerrik asko zuoi! Argazkian, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak pankartari eusten.

Presoen eskubideen defentsa horretan, aurreko urteko hilabete eta azken ostiraletan indarrak biltzea izan genuen helburu, gure aldarria Euskal Herriko mugetatik harago entzun zedin, urtarrilaren 7an izan zen manifestazio kolosal hartan. Eta lortu genuen, eta Espainian, Frantzian eta nazioartean entzun gintuzten, 110.000 lagun baino gehiago izan baikinen Bilbon, kaleak gainezka jarriz. Argi geratu zen, herritar gehiengoak gobernuei urratsak eman ditzaten eskatzen duela eta hau preso politikoen aurka mantentzen diren muturreko neurri krudelak berehala aldatzetik igarotzen da, bai ala bai:

- Biziarteko zigorra ezartzeko “197/2006”, Parot Doktrina deitutakoa derogatuz.
- Kondena bete dutenak eta gaixorik aurkitzen direnak kaleratuz.
- Baita zigorraren herenak eta hiru laurdenak bete dituztenak ere.
- Frantzian dauden euskal presoei askatasun kondizionala aplikatzen hasiz.
- Eta isolamendu nahiz bakartze egoerekin betirako amaituz.

Urtarrilaren 7koa kolosala izan zen, baina hala ere, denok batera lanean jarraitu behar dugu, gobernuak behartzeko boterea eta aldaketaren giltza euskal jendartearen eskuetan dagoelako. Herritarrok, modu aktiboan inplikatu beharra daukagu eta horretara gonbidatzen zaituztegu.

Euroagindurik ez!

Gaurkoan, gure herriko presoen berriak ditugu. Jon Rosales urtarrilaren 12an askatu egin zuten, bi urte prebentibo moduan egon ondoren. Katalunian atxilotu zuten 2010eko otsailean. Hasiera batean, Soto del Realen espetxeratu zuten, eta hilabete batera Alcala Mecora eraman zuten. Bertan eman ditu ia bi urte epaiketarik izan gabe. Ongi etorri Jon!

Bestalde, Espainiako gobernuak Frantzian preso dagoen gure herrikide Iker Beristainen kontrako euroagindua eskatu du. Neurri honekin, Frantziako Gobernuak erabaki beharko du espetxe zigorra betetzen duenean Espainiako agintarien eskuetan utziko duen edo, besterik gabe, Frantziatik kanpora bidaliko duen, printzipioz Espainiara.

Euroagindua eskatzeko eta, beraz, Ikerren kontra egiteko, inkomunikazioan torturapean atxilotu bati sinarazitako deklarazio batean oinarritu da Espainiako Gobernua, eta horren arabera ETAri informazioa pasatzea leporatu nahi diote. Gerora, epailearen aurrean, atxilotu horrek torturak salatu eta izenpetutako deklarazioa benetakoa ez zela deklaratu zuen.

Aprobetxatu nahi dugu Iker zoriontzeko urtarrilaren 20an bere urtebetetzea izan baitzen. Endika Lejarzegirena, berriz, urtarrilaren 24an; eta Pol Asensiorena 14an. Zorionak Iker, Endika eta Pol! Presoei gutunak bidaltzera animatzen zaituztegu bide batez.

Etxera, lantokietara!

Tantaz-tanta itsasoa sortzen delako, gure herrian Algortako Herri Bilguneak lehenengo pausu moduan azken ostiralei indarra eman nahi izan die. Horretarako herriaren indarra behar dugunez, hilez hile eragile ezberdin batek hartu du elkartasunaren lekukoa den kinkea. Hilabete honetan, ELA eta LAB sindikatuetako kideek hartu dute lekukoa eta horregatik hitz batzuk prestatu dituzte:

"Gabon guztioi:

Gehiegi luzatu gabe esan, ELA eta LAB sindikatuetako kideok bat egin nahi dugula herri honek, jendarteak, ozen eta eremu guztietan aldarrikatzen duenarekin: euskal preso eta iheslariak etxera, lantokietara. Bai, lantegietan ere behar ditugulako.

Salatzen dugu euskal presoek duten sakabanaketa, preso gaixoek jasotzen duten tratua; kondenak luzatzeko egin diren lege aldaketa eta epaiak; euskal preso izateagatik jasaten dituzten zigor gehigarriak.

Karl Marxek esan zuen bezala: 'Bakoitzarengandik, haren gaitasunen arabera; bakoitzari haren beharren arabera'. Eta, kasu honetan ere gure preso eta iheslarien gaitasuna behar dugu lantokietan laguntzeko.

'Zuen askatasuna behar dugu, eginkizun zailetan elkarrekin jarraitzeko; libre gaudenok ere, libreak izateko' idatzi zuen Joseba Sarrionaindiak bete 'Lagun presoei gutunean'. Eskerrik asko hemen zaudeten guztioi eta eutsi goiari etxean, lantokietan eduki arte".

Preso gaixoak etxera!
3/4ak beteta dituzten presoak kalera!
Biziarteko espetxe zigorrari ez!
Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira!
Euskal presoak etxera!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun