Ehun lagunek baino gehiagok aurre egin zioten eguraldi txarrari larunbatean, Bilboko Portuko Agintaritzak Luzuero gaina inguruan egin gura dituen dragatze lanen kontra protesta egiteko. Kirolariek, auzotarrek, arrantzaleek zein herri elkarte eta eragileek osaturiko Abra Bizirik Getxoko plataformak deituta, adin guztietako herritarrak batu ziren 50 milioi metro kuboko hondar-erauzketari ezetz esateko. Asmo horrekin, hurrengo egunotan egingo dituzten ekintzak zehaztu zituzten herritarrek: bihar, asteartea, zenbait galdera aurkeztuko dituzte udal osoko bilkuran, alderdi politikoek beraien jarrera argi dezaten. Beste alde batetik, mobilizazioekin jarraitzeko asmoz, otsailaren 7an, asteartea, asanblada berri bat egingo dute Algortako Portu Zaharrean, Etxetxun, arratsaldeko 7:30etik aurrera. Argazkian, larunbateko elkarretaratzea / © Algortako Portu Zaharra bloga.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!