Idatzitako hitz goxoarekin batera, parte-hartzailearen datu pertsonalak bidali beharko dira: izengoitia, adina, kontakturako telefono zenbakia eta helbide elektronikoa. Epaimahaiak erabakiko du zeintzuk diren hitz goxoen lehenengo lehiaketa honen irabazleak eta Internet bidez jakinaraziko du. Sariak otsailaren 17an banatuko dituzte.
Jarduera gehiago
Hala ere, beste hainbat jarduera abiatuko ditu Gaztelekuak. Otsailaren 4tik 19ra arteko larunbat eta igandeetan, mozorroak egiteko tailerrak izango dira. 17:00etatik aurrera, Santa Anako kultur etxean, nahi duten jantzia prestatu ahal izango dute neska-mutilek, Inauterietan parte hartzeko. Bestalde, hilaren 24rako –19:00etatik 23:00etara– rol joko bizia antolatu du Berango Gaua ekimenak. Antzerki pertsonaiak bilakatuko dira parte-hartzaileak. Lyco taldeak gidatuta, fantasiaren munduan murgilduko dira non pertsonai bakoitzak bere helburuak lortu beharko dituen.
Inauteriak
Azkenik, Inauterietan parte hartzera animatu dituzte neska-mutilak. 2012ko Berangoko Aratusteak iratxo eta ipuinen munduan oinarrituta egongo dira. Mila koloretako pertsonaiek lekua daukaten fikziozko unibertsoa otsailaren 25ean zabalduko da. Kalejira arratsaldeko 6etan abiatuko da Berangoetako kultur etxean, frontoira heltzeko asmoz. Simon Otxandategi kalean barrena iratxoak eta parte-hartzaileen imajinazioak sortutako pertsonai sorta osoa ibiliko da. Neska-mutilak hilabete honetan arituko dira mozorroak prestatzen Ludotxikian. Apur bat nagusiago direnek, berriz, begiraleen laguntza izango dute Ludotekan eta Ludoklubean. Adinekoek ere prestaketa lanetan dabiltza, ilusio handiz, Nagusien Etxean. Gauzak horrela, aurrekoetan bezala, adin guztietako lagunak batuko ditu segizioak. Auskalok girotuko du kalejira pilotalekura heldu artean. Bertan, D’Traka taldeak jarriko du umeentzako animazioa, adin guztientzako diskoteka hasi baino lehen.
Otsailaren 26an, berriz, Simon Otxandategi taldeko dantzariak izango dira protagonistak, Zuberoako Maskarada interpretatuko baitute, zanpantzarrekin batera. Ohiko lez, 11:15ean abiatuko dira Lantzartetik, ordu bi beranduago Sabino Aranara heltzeko. Bertan, txikiek hartuko dute taldeko nagusien txanda, frontoian dantza erakustaldia eskaintzeko asmoz.