
Zortzigarren urtez antolatu du "Maite maitea" maitasun gutunen lehiaketa Sopelako Udal Kultura Sailak. Horrenbestez, interesatutako lagunek euskaraz edo espainolez idatzitako nahi beste gutun aurkezteko aukera izango dute, otsailaren 6ra arte. Gaia librea izango da, beti ere maitasuna edo maitasun ezarekin erlazionaturik baldin badago. Lehiaketa bi kategoriatan banatuta egongo da: batetik, gazteak, 12 urtetik 15 urtetara, eta 16 urtetik 18 urtetara arteko azpitaldeak bereiziz. Eta bestetik, nagusiena, beste bi multzok osatuta: 18 urtetik gorakoak eta 60 urtetik aurrerakoak. Sariei dagokienez, gazteen kategorian, adinaren araberako ezusteko oparia eta, nagusien artean, bi pertsonentzako spa zirkuitoa izango dira, azken horren data sariaren irabazleak aukeratuko duelarik. Gutunak lehen aipatu eguna baino lehen eman beharko dira Kurtzio Kultur Etxean. Epaimahaiaren erabakia, berriz, hilaren 14an, San Valentin egunean, emango dute ezagutzera. Sari banaketa ere egun horretan izango da, Kurtzion 19:00etan egingo duten ekitaldian. Saria jasotzeko ezinbestekoa da ekitaldi horretara joatea. Argazkia: ©
Sopelako Udala.