Erandioko udaletxe aurrean egin dute elkarretaratzea gaur eguerdian Eskumaldeko ELAko 200 bat ordezkarik. Aurretik batzarra egin dute Altzagako azoka zaharrean. Horren bitartez, euskal gehiengo sindikalak eta herri mugimendu zabalak larunbat honetarako (otsailak 4) Bilbon deitutako manifestazio nazionalarekin bat egin dute. “Mugi gaitezen geure eskubideen alde” lelopean, arratsaldeko 6etan abiatuko da Jesusen Bihotzaren plazatik. ELA, LAB, STEE, EHNE, Hiru eta elkarte zerrenda luzeak manifestaziora joateko deia egin dute. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako eta Espainiako gobernuek murrizketen bidea hartu zutela hiru urte igaro dira. Krisi "ekonomiko eta soziala" areagotzen ari den neurrian "urteetako borroken ondorioz lortutako eskubideak" kendu nahi dituztela salatu dute deitzaileek. Orain arte hartutako neurri horiek, gainera, onurak ekarri beharrean langabezia, desberdintasuna eta pobrezia areagotu dituztela uste dute. Argazkian, gaurko elkarretaratzea Erandioko udaletxe aurrean.