ELAk zabaldu duenez, azken erreformarekin "soldatak jaitsi egingo dira; kaleratzeak eta langabezia gehitu egingo dira; kalte-ordainak zeharo murriztuko dira, eta pobrezia asko hedatuko da". Horregatik, uste dute erreformaren helburua "kapitalari indar gehiago ematea" dela, izan ere, "eskubide laboral eta sozialek ez daukate zerikusirik krisiaren jatorriarekin, baina ebidentzia hau gorabehera, egiten den politikak eskubide horiekin ordaindu nahi dute krisia. Jokabide hau injustizia nabarmena delako gaude hemen, eta kalean izango gaituzte martxoaren 29an ere: eskubide laboral, sindikal eta sozialen alde kalean", berretsi zuen Arrietak.
Dena den, atzokoa ez da sindikatu abertzaleak azken aldi honetan burutu duen protesta bakarra. Hilaren 2an, 184 delegatu batu zituzten Areetako Andres Isasi musika eskolan, lan erreforma azaldu eta haien lan zentroetan testu horrek ekarriko dituen eskubide murrizketen berri eman zezaten. Ondoren, manifestazioa egin zuten Areetan zehar. Besteak beste, lan gatazkan dabilen Beaz foru enpresako kideak izan ziren bertan.
Hiru greba eta hamaika babes
Euskal gehiengo sindikalak proposatutako greba orokorrera batu zaizkio arlo zehatz batzuetako langileak ere: SATSE erizaintza sindikatuak, SME Euskadiko Medikuen sindikatuak, FFHE erietxeetako medikuen federazioak, SAE erizaintza laguntzaileen sindikatuak eta UTESE osasun arloko teknikoen bilkurak lanuzteak egingo dituzte egun horretan. Bestalde, "Murrizketarik ez. Inposiziorik ez" lelopean, hilaren 27an Bilbon manifestazioa egitea erabaki dute ErNE, ELA, ESAN, SIPE eta EUSPEL Ertzaintzaren sindikatuek. Halaber, 29an Erandioko ertzain-hirian egingo dute itxialdia langile erakundeetako ordezkariek.
Halere, martxoaren 29rako beste bi greba deialdi daude: Euskal Herriko CNTk egin duena eta egun horretarako CCOO eta UGT sindikatuek Espainiako Estatuan deitu dituzten lanuzteak.