Urtero legez, iraupen eski ikastaroa antolatu du Aragoiko Pirinioetako Somport estazioan Egizu Getxo euskaldun! elkarteak: martxoaren 2tik 4ra bitartean, hain zuzen ere. Eskiatu, mendian elur-erraketekin ibili zein hamakan lasai-lasai eguzkia hartu, asteburua ondo pasatzea da helburua. Helduak izanda, Bizarra Lepoaneko bazkide zein berbalagun getxoztarrek 105 euro ordaindu beharko dituzte eta 135 euro besteek. Lehen umeak, berriz, 101,25 edo 78,75 (bazkideek eta gurasolagunen seme-alabek) euro pagatuko ditu. Bigarrenak 67,50 edo 52,50 euro. Eta hirugarrenak ezertxo ere ez. Salneurri horren barruan ondokoa sartzen da: autobusa, egonaldia (Oroel apart-hotelan, Jakan, hirunaka edo launak), bi gosari, larunbateko afaria, forfaitak, bi orduko ikastaroa euskaraz egunero, ekipo osoko alokairua eta asegurua. Izena eman (otsailaren 17ra arte) eta argibideetarako, 944 914 357 eta 619 935 541 telefono zenbakietara edo egizugetxo[abildua]gmail.com jo beharko dute interesatuek. Argazkian, iazko eski ikastaroa / cc-by egizu.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!