Otsaileko agenda prest dauka jada Gazte Asanblada Sopeloztarrak (GAS). Horrenbestez, hilaren 4an, Agate Deuna bezperan, herrian zehar abestera aterako dira neska-mutilak. Hitzordua goizeko 11:30ean jarri dute Sekeko gaztetxean. Hilaren 11n, berriz, bertso afaria egingo dute aipatu zentro sozial autogestionatuan, 21:00etan, Imanol Uria eta Peio Arondo gazteen eskutik. Txartelak Sekekon bertan zein Plaza Beltza herri kultur-gunean egongo dira salgai, 6 eurotan. Bestalde, hilaren 18an, larunbatarekin, gazte inauteriak ospatuko dituzte Larrabasterrako Urko kiroldegian. Hurrenez hurren, herri bazkaria (15:00), mozorro desfilea (16:30) eta Urkotik Sopelara arteko kalejira (19:00) izango dira. Amaitzeko, hilaren 26an, Napoka Iria bikoteak emango du kontzertua Sekekon, 19:30ean. Argazkian, mozorro jaia orain bi urte Sekeko gaztetxean / © Gazte Asanblada Sopeloztarra.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!