Txema Oleaga
Metro Bilbaoko presidente berriak astearteko bileran mahai gainean jarritako proposamena "etsigarritzat" jo du Greba Batzordeak, “ez dituelako langileengan sortutako esperantzak asetzen”. Horren aurrean, eta langileekin bi asanblada izan eta gero, greba egutegi berria aurkeztu zuten herenegun izandako prentsaurrekoan ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK sindikatuek. Horrenbestez, asteazkenean, otsailak 8, elkarretaratzea egingo dute Bilboko auzitegietan; hilaren 9an lanuztea egingo dute; 14an elkarretaratzea egongo da soldata izozteen kontra; otsailaren 16an lanuztea eta manifestazioa egingo dituzte eta hilaren 23an 8 orduko greba egongo da; martxoaren 1erako ere lanuzte deialdia egin dute. Hala ere, datak gehitu edo moldatu daitezkeela azpimarratu zuten. Sindikatuek azaldu zutenez, orain arteko grebak bi edo hiru ordukoak izan dira, baina hemendik aurrera lau eta zortzi ordu bitarteko lanuzteak burutuko dituzte. Greba Batzordeak prentsaurrekoan jakitera eman zuenez, “bilera eta negoziazio guztiak mobilizazioekin bateratuko” dituzte eta dagoeneko, langileen asanbladak mobilizazio eta greba egutegia adostua du. Argazkian, geldialdiarekin batera, dozenaka langilek egin zuten manifestazioa urtarrilaren 19an / ©
LAB Metro Bilbao.