Harrezkero zaparrada batzuk igaro dira, denbora nahikoa gure biztanleriak eredu erdaldunen antzutasunaz ohartzeko. Gure gainetik —eta gainetik diot, ezen hein honetan, nork sinetsiko du gure agintariak herriaren borondatearen ordezkariak direla?— hamaika gobernu eta ordezkari pasatu dira, zein baino zein zuhurragoak, zein baino zein azkarragoak (sakelak betetzeko behintzat), baina gure kulturari dagokionez ia denak itsu eta gor ibili dira. Horiek guztiek hizkuntza eta kulturarekiko sentsibilitatea atzeko partean duten zulo ilun horretan zokoraturik izan dute, gaueko inpunitateak aukerarik emanez gero hortik irteten den gai marroi horrekin batera estolda usaintsu eta zikinenetara igortzeko. Orain krisia aitzakia ezin hobea ei da urtetan lortu den onarpena eta laguntza eskasak kakatara bidaltzeko. Hor aipatzekoak ditugu euskal komunikabideak eta Nafarroako eskolak eta ikastolak, besteak beste.
Lehen hala, gaur hola, bihar ez jakin nola (norbaiti entzunda diot hori aspaldi), baina jendarteak euskal ereduaren alde egiten duen apustu historiko hori handituz doa, hasierako erreka ibai bihurtuz eta ibaia uholde, uholde bat egungo mandatariek lastozko presa batekin galgatu gura dutena, A ereduaren bertsio berria den hiru eledun ereduarekin besteak beste, horrekin euskarak jendarteari berez eransten dion abangoardiari muzin egin guran. Eta hori gauzatzeko lehengo esamesa antzu eta faltsuetara jotzen dute, ingelesaren garrantzia, euskara zabaldu gura dugunon ikuspuntu berekoi eta atzerakoia… Esamesak inondik ere, lehen gaztelera eta frantsesa inposatzeko erabiliak, orain ingelesa mundu mailan duen garrantzia dela eta hizkuntza hori zabaldu behar ei dela esanik, baina dagoeneko inteligentzia apur bat duen batek sinesten ez dituenak. Izan ere, kontziente izan gaitezen D ereduan bertan ingelesak baduela hizkuntza komunitatean behar duen presentzia, eta gura izanez gero beste hizkuntzaren bat ere (Hegoaldean frantsesa adibidez) sar liteke, bakoitzari Euskal Herrian lekuan lekuko jendartean duten garrantziaren araberako lehentasuna emanez.
Zoritxarrez oraingoz gobernuen modernitatea atzerakoia da, aurrera jotzeko aitzakian formula zahar inposatzaile eta baztertzaileak ezarri nahian baitabiltza. Sasoi berriak datoz orain, eta sasoi hauek gure herriaren kultura indartzeko baliatu behar ditugu. Hala da ze, gobernuek eta inguruko instituzioek aukera ezin hobea dute atzeko zuloz baino bihotzez sentikor agertzeko, gure herriaren nortasuna eta etorkizuna horren baitan baitago, eta ez gure lurra suntsitu gura duten Abiadura Handia eta bestelako Azpiegitura Erraldoi Suntsitzaile horien baitan. Natura zaintzeaz gain, jasangarri eta ekologiko jokatzeak gure hizkuntzak berez behar duen maila onartzean datza.
Atzetik bide bat eginda daukagu, eta gure hizkuntza gutxitu eta baztertuari ezin diogu kale egin, ezin dugu estolda zikin batean alboratu, Nafarroako Gobernuko ale batzuek egin gura luketen legez (horretan behintzat eskarmentu handia dute). Jon Maiak idatzitako abesti baten letrak itsasoa garela adierazten du, eta sasoi berri hauetan itsasoko ur horren oldarrak gobernarien modernitate atzerakoi antzua eta faltsua itoko ahal du.
Josu Gotzon Landeta irakasle getxoztarra