Larunbat honetan, otsailak 4, Aiaraldeko Irrintzi eta Bergara, Lazkao zein Legazpi artean sortutako
Fiachras taldeek emango dute kontzertua Getxoko
Txorimalo gaztetxean. Hitzordua 20:00etan jarri dute, 3 euroren truke. Gainera, aurtengo inauteriak prestatzeko dirua ateratzeko asmoz, pintxo goxoak eta patata frijituak prestatuko ditu Algortako San Inazioetako jai batzordeak. Irrintzi 2010eko irailean mamitzen hasi zen, Herrikadak taldeko zenbait kidek euren musika estiloari beste ukitu bat emateko erabakia hartu zutenean. Punka apur bat alde batera utzi eta ska folk doinuak jotzeari ekin zioten; gitarra, baxu, bateria, trikitixa eta biolina erabiliz. Fiachras taldea, berriz, 2007ko erdialdean sortu zen eta orain urte erdi inguru bigarren diskoa plazaratu zuten: "Hiltzera goaz". Brigada Criminal eta Txinaski taldeetako kideak ari dira bertan. Punk-rock eta Oi! estiloetan eskarmentu luzea izan arren, orain countrya eta folka jorratzen ditu, gitarra akustikoak, akordeoia, klarinetea eta organoaz lagunduta. Argazkian, Fiachras Bergarako gaztetxean / © Fiachras.