Bart, 35 urteko gizonezko bat hil da Boluako hezegunean autoarekin istripu bat eragin eta zubi batetik erori ondoren.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gertaera atzo gaueko hamar eta erdiak aldera hasi zen, BI-634 errepidean, Sopelako udalerrian, Bilbora bidean. Ordu horretan, bi ibilgailuk (Seat eta Mercedes bana) talka egin zuten. Bertsio ofizialaren arabera, Seat autoko gidariak eragin zuen istripua eta ostean ihesi joan zen. Algortako zubi batera iritsi zenean autoa gelditu egin behar izan zuen, antza, arazo mekanikoak tarteko. Kolpea jaso zuen Mercedes autoa segika joan zitzaion SOS Deiak zerbitzura deitu eta gertatutakoaren berri ematen zien bitartean. Ez zuen deia eten zer gertatuko zain. Gizonezkoa autotik irten ostean, jarrera arraroa mantentzen hasi zen, bide erditik zihoan noraezean eta horren ondorioz, auto batzuek saihestu egin behar izan zuten gizonezkoa ez harrapatzeko. Azkenean, bidearen bestaldetik zubia igarotzen saiatu zen baina zubiko plataformak lotzen dituen zirrikitutik erori zen. Biktima Boluako hezegunera jausi eta osasun zerbitzuetako kideak iritsi aurretik hil egin zen. Argazkian, Ertzaintzaren trafiko kontrol bat, artxiboko irudian / cc-by
Irekia.net.