Iñigo Urkullu: "Jaurlaritzaren egoera ekonomikoa biziki larria da"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 3a, 16:15

Euzko Alderdi Jeltzaleak bere bozeramaile ezberdinen bitartez, azken egunotan erakutsi du Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jarduteko duen asmo zintzoa. Erakunde honek une honetan pairatzen duen krisi ekonomiko eta finantzazkoari aurre egiteko helburuarekin. Azken egunotan ordainketen gelditzeaz eta Administrazioaren kaudimenik ezaren inguruan ezbai publikoak izan dira. Langabezia, Euskadin Estatuan baino arinago hazten jarraitzen du. Eta azken 15 urteotan ezagutu ez dugun langabezi tasara iritsi gara. Honekin batera, Euzko Alderdi Jeltzalea jakitun da, informazio eta datu propioak ditu hori egiaztatzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoera ekonomikoa biziki larria dela.

Ez dut katastrofista izan nahi. Agerraldi publiko honetan ez dut kritika politikorik egiteko inolako asmorik. Baina argi dago egoera ekonomikoa biziki larria dela.

Datuak ditugu, egoera larri bihurtzen hasia dela erakusten dutenak.

Guk dakiguna gutxi balitz, Eusko Jaurlaritzaren deia jaso dugu, Euzko Alderdi Jeltzalearen laguntasun eske, defizit gordinak eragindako diru faltaren aurrean, konponbide berriak bilatzeko.

Euzko Alderdi Jeltzalearentzat, herriko erakundeen kaudimena dago, bakoitzaren interes politikoaren gainetik. Beti lagundu dugu zailtasunek gogor jo dutenean, eta gure autogobernua arriskuan egon danean.

Prest gaude gure ardura politikoa erakusteko; eta behar bada, konpromisoak hartzeko, sakrifizioa partekatua izan dadin.

Egun gutxi barru ospatuko da Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren bilera.

Bertan egingo da 2011 urteko diru bilketaren eta ekarpenen kitapena.

Bertan agerian geratuko da desfase ekonomikoaren irudiaren zati handi bat, Gobernuaren berehalako ekimena geldiarazteko mehatxua suposatzen duena.

Neurri zuzentzailerik egokienak hartu ahal izateko, ezinbestekoa da diagnosi zintzo eta gordina egitea. Gardentasun jarduna alegia.

Horregatik guztiagatik, eta egokitzapen ekonomikorako edozein neurri jarri baino lehen, Euzko Alderdi Jeltzaleak zera eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari:

Bat. Metatuta dagoen defizita agerian uztea.

Bi. Kontuen eta zorpetzearen egiazko egoera eta aurreikusi den amortizazio eszenatokia aurkeztea.

Eta hiru. Ahalik eta lasterren 2011 urteko aurrekontuaren exekuzio datuak ematea. Onartutako urte anitzeko konpromisoak eta berauetarako ezarri den egutegia azalduz.

Era berean, Gobernuari eskatzen diogu utz diezaiola behingoz ihes egiteko erabili nahi dituzten adierazpen eta deklarazioak egiteari..

Pribatuan lankidetzan jarduteko egin dizkiguten eskakizun larriek ez dute bat egiten jarrera publiko kontraesankor eta arduragabeekin.

EAJ laguntzeko prest dago, beti bezala. Baina ez dugu parte hartuko diru beharrizanak aldi baterako kontsolatzeko eragiketa itxurazkoetan.

Uneak ardura eskatzen du, eta EAJk arduraz jokatuko du.

Hau ez da gaitzespen edo kritikarako garaia.

Kezka biziko uneak ditugu.

Euskadik Jaurlaritza indartsu eta fidagarria behar du. Atzeraldi eta geldiune ziklo honetatik datozen erronkei aurre egiteko gaitasuna izango duen Jaurlaritza, alegia.

Kezka honekin bat eginik, Euzko Alderdi Jeltzaleak dei berezia egin nahi dio Eusko Jaurlaritzan, PSEren kide nagusi den Euskadiko Alderdi Popularrari.

Jaurlaritzan antzeman den krisi larriagatik dugun ardura PP alderdiak ere partekatzea espero dugu. Eta denok batera ekin diezaiogula gure erakundeek pairatzen duten unerik latzena konpontzeari.

Gardentasuna eta errealismoa exijitzen dugu , ondorioz jarduteko. Sine qua non baldintza da Eusko Jaurlaritzaren finantzen egoerari aurre egiteko, lehenengo eta behin, gardentasuna, kontu argiak.

Gardentasuna eta errealismoa. Horiek baldintzak ematen badira, dena egin daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun