DYAko anbulantzia bat lokalera joan da, udaltzainek abisatuta, eta genero indarkeriaren biktima, 37 urteko emakumea, bertan artatu ondoren Gurutzetako erietxera eraman dute, burezurreko traumatismo arinarekin eta ubeldura batekin lepoan. Erietxean sendatu ondoren alta eman diote.
Getxoko Udaltzaingoak azpimarratu duenez, "badirudi ez dela biktimak bere bikotekidearen erasoa pairatzen duen lehen aldia". Atxilotutakoa epailearen eskutik igaro ei da gaur goizean, Getxoko Justizia Jauregian epaiketa arina egiteko ordua gaur goizean bertan zehaztu duela adierazi baitu Udalak. Halere, ez dute horren emaitzaren berri eman.
Keltse Eiguren Berdintasuneko Zerbitzuko zinegotziak erasoaren aurrean bere gaitzespena eta arbuioa agertu ditu, "emakumeenganako eraso fisikoa indarkeria sexistaren eratako bat da eta beraz giza eskubideen urratze larria suposatzen du" gehituz.
Era berean, Egigurenek gogoratu du Gizarte Zerbitzuek (944 660 151) aholkularitza eskaintzen duela eta honako telefono zenbaki hauetara ere jo daitekeela: Eusko Jaurlaritzaren tratu txarren biktimena (900 840 111), Udaltzaingoa (944 660 202), Ertzaintza (944 063 420) eta SOS Deiak (112).