Frantziako Villepinte espetxean dituzten euskal preso politikoek borrokaldia hasi zuten larunbatean, Ibon Goieaskoetxea gernikarra Villefranche sur Saone kartzelara eramango dutela salatzeko, Etxerat elkarteak zabaldu duenez. Horrenbestez, aipatu lagunarekin batera, gose grebari ekin dio Borja Gutierrez “Bakerito” berazgoztarrak; eta Joseba Fernandez iruindarrak ere bat egingo du borrokaldiarekin beste ekimen batzuekin, baraualdirik ezin baitu egin. Duela hilabete Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide guztiek Euskal Herriratzea eskatu bazuten ere, Estatu Frantziarrak "beraien eskubideak urratuz sakabanaketarekin" jarraitzen dutela salatu nahi dute presoek, gose greba horrekin. "Izan ere, Goieaskoetxea Villefranche sur Saone espetxera eramaten badute, eurek eskatu bezala Euskal Herrira gerturatu beharrean are eta urrutirago emango dute", salatu du Etxeratek. Argazkian, Sei Herri elkarteak iazko abenduan Berangon egindako ibilaldi neurtuan espetxeratutako herrikideak gogoratu zituzten.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!