“Zerbitzu Publikoen alde, murrizketarik ez!” lelopean, Erandioko 65 bat udal langilek egin zuten elkarretaratzea joan den ostiralean, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Aurretik asanblada egin zuten Altzagako postetxe zaharrean. Ostegun honetarako, hilak 9, sektore publikoan deitutako grebarekin ere bat egingo dute toki-erakundeko beharginek. Horrenbestez, etzi lau ordutako lanuzteak egingo dituzte: 11:00etatik 15:00etara, goizeko txandan; eta 15:00etatik 19:00etara, arratsaldekoan. Goizeko 11etan, berriz, kontzentrazioa egingo dute Erandioko udaletxe aurrean, Irailaren 23a plazan. Bestalde, gogoratu Bilbon egitekoa zen murrizketen aurkako nazio manifestazioa hilaren 25era atzeratu egin dutela antolatzaileek. Martxa 18:00etan abiatuko da Jesusen Bihotzaren plazatik, ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek, jendarte eragileek, langabetuen batzarrek eta Eskubide Sozialen Plataformek deituta. Bitartean, "Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku" lelopean, Alternatibak, Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak eraldaketa sozialaren aldeko manifestazioak egingo dituzte larunbat honetan Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako hiriburuetan. Bilbon, 17:30ean abiatuko dira Casillatik. Argazkian, langileak ostiralean Erandioko udaletxe aurrean.