Bulebarrean dagoen gune estalia handitzeko proiektua esleitu berri du
Leioako Udalak. Horrela, gaur egungo 442 metro koadrotik 1.092 metro koadro izatera pasatuko da aipatu eremua, Eneko Arruebarrena alkate jelkideak ostiralean emandako prentsaurrekoan iragarri zuenez. Proiektuaren arabera, egun estalita dagoen guneari beste elementu bat gehituko zaio albo batean. "Kontuan izan behar dugu elementu hau irekia, arina eta aurreko eraikinarekin errespetu osoz egingo dela. Hain zuzen ere, aurreko eraikinaren arkitektoa izan da handitze proiektua egin duena; Iñaki Aurrekoetxea, alegia. Gauzak horrela, elementu independentea izango da eta nortasun berekoa, baina egun dagoen elementuarekin lotura izango duena albo batetik", azaldu zuen tokiko agintariak. Modu horretan, Bulebarraren gune estalia nabari handituko da eta horrek hainbat ekintza hartzeko aukera emango du. Arruebarrenak argitu duenez, besteak beste, Leioako Merkatarien Elkarteak bere interesa helarazi dio Udalari bertan azoka eta ekintza desberdinak egiteko. Obra horiek, 196.942,61 euroko aurrekontua dutenak, urte honetako lehen hiruhilekoan hasiko dira eta lau hilabete iraungo dute. Argazkia: © Leioako Udala.