Leioako Udalak onartu egin du behin betiko Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren aldaketa, udalerriko ikastetxeak gazteen aterpetxe bezala erabili ahal izateko. "Aldaketa berri honekin Leioako hezkuntza ekipamenduak, publikoak zein pribatuak, gazteen aterpetxe modura erabili ahal izango dira, beti ere, ikastetxeek horrela nahi badute eta beharrezko moldaketak egin ostean", Eneko Arruebarrena alkateak ostiralean jakinarazi zuenez. Leioak ikastetxe kopuru handia du, guztira 15 dira udalerrian, horietatik 9 publikoak eta 6 pribatuak edo itunpekoak; eta guztiak 70 edo 80ko hamarkadan eraikitakoak. "Gaur egun egoera oso desberdinak aurkezten zaizkigu. Jaiotze tasa nabari jaitsi da eta ekipamendu hauek, gehienak, handiegi geratu dira. Horregatik, gune hauei beste erabilera batzuk ematea beharrezkoa dugu, gizarte erabilera batez ere, eta autonomi araudiari jarraituz aterpetxearen erabilera egokitzat ematea onartu du Udalak", azaldu zuen tokiko agintariak. Argazkian, Altzaga ikastola / © Leioako Udala.