GazteBurdela aurkeztuko dute bihar Larrabasterrako Plaza Beltza kultur-gunean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 8a, 11:11

Euskal Herriko Gazteria Sexu Askapenerako Mugimenduak (Gaztehgam) GazteBurdela topaketa iragarri du datorren martxoaren 24rako, Durangon, "Norma denak hautsi nahi ditugu!" lelopean. Antolatzaileen esanetan, ekimena "hausnarketa sakonetatik eta autokritika zorrotzetik" jaio da, "gay eta lesbiana erakunde erreformistek" historian zehar erabilitako "erakusleiho eta ghettoetatik" kanpo, eta bereziki gazteentzat dago zuzendua. GazteBurdelak "sexualitate hautuetatik harago" joateko apustua egiten du, "sistemak gure bizimoduan inposatutako bizi eredua" irauliz. Bide horretan, ostegun honetan, aipatu topaketaren aurkezpena egingo du Gaztehgamek, Plaza Beltza herri kultur-gunean. Hitzordua 19:00etan jarri dute, Larrabasterrako Akilino Arriola kaleko 59. zenbakian. "GazteBurdelaren aurkezpenerako, lotsa eta normak etxean ahaztu! Martxoak 24an, Durangon, kaleratuko dugunaren aurrerapena egingo dugu, tabu guztiak hautsiz. Bideoak, esperientzia berriak, drogak…", azaldu dute antolatzaileek. Argazkia: cc-by-nc Erprofe.

Gaztehgamek abenduan plazaratutako idatzia:

Norma denak hautsi nahi ditugu!

Euskal Herriko Gazteria Sexu Askapenerako Mugimenduak, urte bete darama GazteBurdela prestatzen; Euskal Herriaren agendan errotu nahi dugun topaketa nazional berria. Hausnarketa sakonetatik eta autokritika zorrotzetatik jaio den ekimen hau jendarte eta batez ere gazte orori zabaldu nahi diogu. Gay eta lesbiana erakunde erreformistek historikoki erabili dituzten erakusleiho eta ghettoetatik salto egingo dugu, mugimendu intsumiso eta iraultzaile anitza zabalduz. GazteBurdela, genero edota sexualitate autuetatik harago doan topaketa izango da. Sistemak gure bizimoduan inposatutako bizi eredua irauli nahi dugu. Bizi eredu hori, normetan eraikitzen den sistema kontrolatzailea da eta, gure nortasunetan txertatzen dena: sentitzeko, gozatzeko, elkartzeko eta azken finean askatasunez garena izateko aukerak bi patroi zurrunetara mugatuz; osatzen dugun aniztasuna bazterreratuz. Baina normetan eraikitako kontrol hori jendarte eragin ukaezina du era berean: borrokatzeko, aldarrikatzeko, gure analisiak burutzeko… oztopo bihurtzen dira; herritarron askatasunaren kontrakoak beti, sistema beraren onurarakoak beti.

Errealitate horretatik abiatuta, sistema heterozentrista hau iraultzeko borroka eta dinamika moldeak amaigabeak izan daitezke, eta horretarako burutu nahi dugu GazteBurdela: bi urterik behin bada ere, jendarte eredu berri baten itxaropenaren zama daramagun elkarte, eragile eta mugimenduok, norma denak hausteko aukera izan dezagun. Ausardiaz eta tinkotasunez. Bidea ondo definituz. Gaztehgam-etik, badakigu nola erantzungo diogun sistema heterozentristari: debekatzen duten guztia euren muturren aurrean egingo dugu. Gainontzeko gizabanako, kolektibo, elkarte eta herri mugimenduak erabaki dezaten nola hautsiko duten inposatutako norma, GazteBurdela herri mugimenduaren arma izatea nahi dugulako, eta martxoaren 24ean, Durangon elkartuko gara. Norma denak hautsiko ditugu!

Gose taldeak Gaztehgamentzat egindako "Naizena izateko" abestiaren bideoklipa, Aitor Oñederrak zuzendua (© Gose)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun