Imanol Landa alkateak auzibidea baztertu dutela argitu du, "jurisdikzio zibileko auzia denez arrisku handiak lituzkeelako eta, horrez gainera, auzibidearen epaia ez litzatekeelako sei urte barrura arte iritsiko, goiz jota". “Hainbeste denbora itxaroteak, gure ustetan, ondorio larria izango zuen galerien egoera aintzat hartuz gero”, aipatu duenez. Izan ere, epailearen ebazpena heldu artean ezin izango litzateke galerietan jardun. Azaldu duenez, enpresari eskatu beharreko kalte-ordaina zehazterako orduan "ez litzateke Barcelok jarritako fidantza (8,6 milioi euro) abiapuntutzat hartu behar, hori amaitutako lanari dagokiolako. Udalak jasoko ez lukeen zenbatekoa aintzat hartu beharko litzateke, gaurkotuta 8 milioi eurokoa litzatekeena. Baina, hainbat faktore (Udalak eraikina erabili ahal izatea, 50 urteko kontratuan sor litezkeen ustekabekoak, epaitegiek Udalari arrazoia ez emateko dagoen aukeraz gainera) kontuan hartuta ia %80 murriztuko litzateke". Horregatik, Landaren hitzetan, lortutako akordioaren 1,2 milioi euro “gure iritziz, onak dira, hain zuzen ere auzia galtzeko posibilitateak gastu garrantzitsu batzuk suposatu ahal izango lituzkeelako, adibidez, galtzekotan ordaindu beharreko epaiketaren gastuak miloi bat eurokoak izan litezke”.
Gainontzeko alderdien "balorazio positiboa"
Imanol Landa alkateak berak adierazi du goizean izandako Bozeramaileen Batzordean guzti horren berri eman diela gainontzeko alderdi politikoei, baita horien balorazioa "positiboa" izan dela ere. Ordu gutxitara, baina, luxuzko hotelaren egitasmoa "porrot eskandalagarritzat" jo du Getxoko PPk, plazaratutako prentsa oharrean. Marisa Arrue tokiko popularren bozeramailearen arabera, "Punta Begoñako proiektua erortzen utzi du Landak, galeriak bezala". Bere hitzetan, "bost urte galdu ditugu galeriak zaharberritu ezinda". PPren ustez, bizilagun guztiek "eta, hortaz, alderdi politikoek" parte hartu beharko lukete Punta Begoñarekin zer egin erabakitzeko orduan. Hurrengo udal batzarrera begira, mozioa aurkeztuko dute popularrek Barcelok zein Aldundiak emandako dirua "egiatan" eraikina zaharberritzeko erabil dezatela eskatuz.
Getxoko PSE-EE ez da horren gogorra izan. Barcelorekin lortutako hitzarmenarekin ados daudela adierazi ostean, EAJri bota diote errua, "lehiaketa publikoaren baldintzak ez zituelako behar bezala zehaztu". Luis Almansa tokiko sozialisten buruak adierazi duenez, "eraikinaren egoera kaskarra zein babes neurri zorrotzat behin proiektua esleitua ezagutu zituen Barcelok, egitasmoa bideraezina eginez". Bitartean, Bilduk ez du oraindik auzi honen gaineko adierazpenik plazaratu.