Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiak abian jarri du D ereduko zentroetan aurrez matrikulatzeko kanpaina berria, Udalekin batera. Alkarbidek sustatutako egitasmoa Bizkaiko 43 udalerri eta hiru mankomunitateren ekimen bateratua da eta informazio-kanpaina urte hasieran zabaldu zen, 2-3 urteko umeen eskolatze-aldia baino zertxobait lehenago, gurasoek bidalitako informazioaren inguruan hausnarketa egiteko astia izan zezaten. Alkarbidek koordinatu duen ekimen honetan guztira 8.000 liburuxka banatu dira kanpainan parte hartu duten udalerrietan. Umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea izan da kanpainaren helburu nagusia.
"Euskara plus bat da haurren hezkuntzan, eta, gainera, komunikatzeko eta pertsona gisa trebatzeko aukerak zabaltze dizkie. Modu bakarra da umeek euskara eta gaztelania ondo ikasteko. Gainera, egindako azterketen arabera, D ereduan matrikulatuta dauden ikasleek errendimendu hobea dute, eta emaitza hobeak lortzen dituzte. Halaber, horrek erraztu egiten die hirugarren edo laugarren hizkuntza bat ikastea. Zalantzarik gabe, etorkizuneko apustua da, lanerako aukera gehiago izango dituzte", azaldu du Alkarbidek.