Metro Bilbaon gaur izandako lehenengo lanuztearen jarraipena %90ekoa izan da, greba batzordeak jakinarazitakoaren arabera. Langileen ordezkarien esanetan, ia langile guztiek egin dute bat goizeko 7:30etik 9:30era egindako geldialdiarekin, %30eko gutxieneko zerbitzuak izan ezik. Nolanahi ere, zuzendaritzak esan du lanegun arrunt baten zerbitzuen %55 eskaini dituztela. Portzentaje ezberdintasun horren harira, sindikatuek salatu dute zuzendaritzak ibilbidea bukatzera behartu dituztela goizeko 7:30ak baino lehen ateratako gidariak, eta 9:00etan beste zortzi konboi abiatu dituela. "Neurri horiekin, gainditu egin dituzte gutxieneko zerbitzuak", greba batzordeak kritikatu duenez. Arratsaldean ere lanuztea egingo dute Metro Bilbaoko beharginek, 17:30etik 19:30era; mantenu esparruko berregituraketan, Gabon-gaueko zerbitzuan, lantaldea handitzeko akordioan eta ordezkapenetan desadostasunak edota urraketak daudela iritzita. Argazkian, atzo elkarretaratzea egin zuten Bilboko epaitegietan / ©
LAB Metro Bilbao.