D eredua, aukera ekologikoa
Arrazoi asko daude, dudarik gabe, euskarazko irakaskuntzaren alde egiteko. Horietako garrantzitsu bat da mundu ekologikoagoaren aldeko apustu bat dela. Ekologia ez da bakarrik inguruneaz arduratzea; aitzitik, hizkuntza eta kultura aniztasuna zaintzea ere bada. Ekologia hurbilenaren eta aldi berean globalaren alde egitea da. Muturreko egoera batean, adibidez, berdin jokatzen badugu eta okertzen bagara, huts egitea orokorra izango da. Aldizkako aukerak ezinbestekoak dira. Hizkuntzak zaintzea lagungarria da, zalantzarik gabe, herrien arteko elkarrizketa eta bakea ahalbideratzeko. Horixe egiten duzu zure seme-alaba euskarazko ereduan matrikulatzen duzunean.
Euskararekin bere kultura eta afektibitate inguruari lotzen diozu. Eta munduari, berriz. D ereduan egoki eta nahikotasunez ikasiko dituen beste bi hizkuntzekin, ingelesa eta gaztelerarekin alegia, eta hautazko beste horiekin (frantsesa, alemanera…).
D eredua hizkuntza-aniztasunerako atea
Euskarazko irakaskuntza komunitate honetan aitzindaria izan da beste hizkuntzen ikasketa txertatzeko orduan. Orain ziurtatu dezakegu D ereduak zure seme-alabari hizkuntza-ingurune anitzean moldatzeko gaitasuna ematen diola txikia denetik. Izan ere, euskara hizkuntza bizia eta arrunta da gure inguruan, eta hori oso lagungarria izaten da etorkizunean beste hizkuntzak ikastea naturalagoa gerta dakioken.
Asko hitz egiten da ingelesaz jakiteko garrantziaz, eta euskarazko ereduetan horrela egiten da. Ingelesa txertatua dute curriculumean. Baina ez dugu ahaztu behar estatu batuarrak txinera ikasten ari direla, merkatu horren potentziala ikusita. Ez dugu ahaztu behar Alemania eta Frantzia Europako motor ekonomikoak direla, eta haiekin lan egiteko beren hizkuntzaz jakitea eskatzen dutela. Modu berean, Japonia munduko hirugarren potentzia ekonomikoa da. Eta krisi garai hauetan gure inguru geografikoan lana aurkitzeko orduan euskaraz jakitea aktibo garrantzitsua da.
Ez izan zalantzarik, etorkizun hurbilago batean alemanera Europako komunikazio hizkuntza bilakatuko balitz, edo txinera mundukoa izango balitz, euskarazko eredua bere curriculumean sartzeko aitzindaria izango litzatekeela, beti izan den moduan. Gure seme-alabek modu natural eta positibo batez bizi behar dute hizkuntza aniztasuna, aipatu hizkuntza guzti horiek jakin edo ez. Eta horixe da, hain zuzen ere, gure apustua: euskararekin hasi, hau baita munduko bere txokoa, hemen euskaraz bizi ahal eta behar delako, hau delako bere ingurunea, hiztun berriekin elika dezakegulako; eta hemendik beste kolore gehiago bat eman mundu jasangarri, justu, solidario eta begirunetsuagoa, hau da, ekologikoagoa egiteko.
Euskaraz ikastea hizkuntza bat ikastea baino gehiago da, munduko hizkuntza eta kultura aniztasunaren aurrean jarrera positiboa, errespetua eta beste hizkuntzekiko interesa bultzatzea eta piztea da. Oso aberasgarri gertatuko zaie gero eta globalagoa den mundu honetan.
Berbalamiñe Leioako euskara elkartea, Bizarra Lepoan Getxoko euskara elkartea, EKE, Ikastolen Elkartea, NETLE, NIZE, Sortzen Ikasbatuaz eta Topagunea