Larunbat honetan, otsailak 11, borroka egun berezia izango da Poitiers-eko espetxean, Frantzian. Gorka Azpitarte, Eneko Zarrabeitia, eta Maite Aranalde euskal preso politikoekin batera, plantoa egingo du Saioa Sanchez gatibu berangoztarrak. Bitartean, kartzela kanpoaldean kontzentrazioa egongo da goizeko 11etan. Askatasunak adierazi duenez, "preso horiek espetxe baldintza onartezinak, besteen artean urrunketa eta sakabanaketak are gehiago larritzen dituzten bisitentzako baldintzak, eta orokorrean frantses agintarien jarrera salatzen dituzte. Izan ere, prozesu demokratikorantz urratsak emateko eskaintzen zaien aukera hartu ordez, preso politikoei aplikatzen dieten politikoa are gehiago gogortuz egoera larritzen dute". Orain arte, Poitiers-eko presondegiko zuzendaritzak "neurritik kanpoko zigorrekin" besterik ez die erantzun. Bestalde, Villepinteko espetxe frantsesean borrokan diren euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko, bihar bertan, elkarretaratzea egingo dute 19:00etan Pausuko itzulgunean. Besteak beste, Borja Gutierrez “Bakerito” berangoztarra gose greban dago aipatu kartzelan. Argazkian, Saioa Sanchez preso berangoztarra.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!