ELA, LAB eta EILAS sindikatuek zabaldutako oharra:
Zerbitzu Publikoetan lanuzteak jarraipen oso zabala izan du
ELA, LAB eta EILAS sindikatuek oso balorazio positiboa egiten dute grebak eta hiriburuetako mobilizazioek izan duten erantzunaz. 22.000 pertsonatik gora parte hartu dute eguerdiko manifestazioetan.
Zerbitzu publikoetan deituriko grebak jarraipen oso zabala izan du sektore ezberdinetan. Oso aipagarriak izan dira Donostia (7.000), Bilbo (10.000) eta Gasteizen (5.000) izandako mobilizazioak. Guztira 22.000 pertsonatik gora atera dira kalera. Manifestazioak greba deialdiaren oihartzunaren isla garbiena izan dira.
Sektore ezberdinetan eragina
Herri eta Foru Administrazioan grebaren erantzuna oso zabala izan da. Udaletxeetako langileen erantzuna %80koa izan da. Benetan deigarria hiriburuetan izandako jarraipena, Gasteizko Udalean %65, Donostiakoan %75 eta Bilbokoan %80koa.
Erabatekoa izan da Tolosa, Zumarraga, Usurbil, Ordizia, Hernani. Andoain, Billabona, Urretxu, Legazpi, Arrasate, Bergara, Aretxabaleta, Mutriku, Deba, Azkoitia, Zarautz, Zestoa, Azpeitia, Zumaia, Lezo, Durango, Zornotza, Gernika, Bermeo, Lekeitio, Ondarru, Arrigorriaga, Laudio, Lemoa, Igorre, Zeanuri, Sopela, Plentzia, Muskiz, Zierbana, Agurain, Dulantzi, Asparrena, Murgia eta beste hainbat herri txikiagotan.
%70tik gorako erantzuna izan da Basauri, Galdakao, Leioa, Erandio, Errenteria, Hondarribia, Eibar eta Ortuellan.
Azkenik, %50 ingurukoa izan da Portugalete eta Santurtzin.
Bestalde, Foru Aldundietan jarraipena desberdina izan da arloka, baina ala ere garrantzitsua. Orokorrean %65eko jarraipena izan da.
Administrazio Autonomoa, eta Justizian dagokionez gelditzea %65aren ingurukoa izan da, inoiz izan den zabalena.
Irakaskuntzari dagokionez, greba oso zabala izan da. Irakaskuntza publiko ez unibertsitarioan eta haur eskoletan % 70tik gorakoa izan da. Unibertsitatean ere jarraipen zabala izan du grebak. Ikastoletan % 70tik gorakoa izan da eta apalagoa gainerako Itunpeko Ikastetxetan.
Osakidetzan azken urteotako mobilizaziorik handiena izan da. Eragina izan du esparru ezberdinetan, lehen arretan nahiz ospitaleetan, nahiz eta zerbitzu minimoak gehiegizkoak izan. Aipatzekoa, aspaldiko partez gaur bai, greba segimendu datuak ezkutatzeko maniobran, bajak kubritu egin dituztela.
Erakunde eta Enpresa Publikoetan lanuzteak oso garrantzizkoak izan dira. Metro, Eusko Tren, Tranbia, Neiker, Itsasmendikoi edo EITB bezalako enpresetan gutxiengo zerbitzuak bakarrik bete dira.
Estatuko Administrazioa, beste administrazioaren menpekoa izanik ere, erantzuna apalagoa izan den arren adierazgarria izan da, elkarretaratzeak barne.
Jasotako erantzunak murrizketen aurrean borrokan jarraitzeko indarra ematen digu eta horretan jarraituko dugu.