Kontsumitzaile eta hiritar euskaldunek bigarren mailakoak izaten jarraituko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Izan ere, gaur Eusko Legebiltzarreko gehiengoak, PSE-EEk, PPk eta UPyDk, euskaldunei bertako hizkuntzan arreta ematen ez dieten enpresa eta saltoki handiei isunik jartzea galarazi du eta, beraz, enpresek aurrerantzean ez dute zerbitzua euskaraz ere eman beharko. Eusko Legebiltzarrak Euskadiko bi hizkuntza ofizialak (euskara eta espainola) erabiltzen ez dituzten enpresa handientzako isunak bertan behera uztea onartu du, nahiz eta EAJk, Aralarrek, EAk eta Ezker Anitzak kontrako botoa eman. Legebiltzarkideek onartutako lege proposamenak Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutua aldatzen du. Estatutu hori Juan Jose Ibarretxe lehendakaria zela onartu zuten pertsona guztiek gaztelaniaz zein euskaraz hitz egiteko zuten eskubidea bermatzeko; bai jendaurreko zerbitzuak bi hizkuntzetan emanda eta bai errotulazioa bi hizkuntzetan eginda. Dena den, testua ez zen denda txikientzat aplikagarria eta hainbat urteko epea eman zien konpainia handiei, tartean egoera berrira egokitzeko Jaurlaritzak hainbat diru-laguntza banatu ziela. Argazkian, Antonio Basagoiti popularra eta Patxi Lopez lehendakaria / cc-by
Irekia - Eusko Jaurlaritza