San Inazioetako jai batzordeak egingo ditu aurten Algortako Inauteriak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2012ko ots. 10a, 19:57

Aurreko urteetan ez bezala, San Inazioetako jai batzordeak egingo ditu aurten Algortako Inauteriak, Getxoko Udalaren laguntzaz. "Aipatu ospakizunei kutsu herrikoiagoa emateaz gain, kaleko giroari eta bizitza suspertu ere gura ditugu", azaldu dutenez. Bide horretan, otsailaren 18rako, larunbata, bereziki txikiei eskainitako eguna prestatu dute. Tailerrak eta disko-festarekin batera, mozorro jaitsiera eta txokolatada ere izango dituzte neska-mutikoek. Iluntzean, Aldatz taldeak jarriko ditu dantzan haur zein aita-amak. Hurrengo larunbatean, hilak 25, bihotzez ume izan arren, adinez nagusiagoak direnei helduko zaie txanda. Horrenbestez, kaleak mila kolorez janzteko asmoz, orain urteak egiten zen mozorro txapelketa (taldeka) berreskuratu dute, 40 bat tabernen laguntzaz. Tartean, mozorro herri bazkaria izango da Telletxen (euria egitekotan Zabala eskoletan), menua paella gozoa dela. Gau partean, berriz, aukera bi: batetik, Garraxi taldeak eskainiko du dantzaldia, Telletxen. Bestetik, Hamaiketan, Governors eta Vendetta taldeek emango dute kontzertua, Portu Zaharrean. Zintzurrak bustitzeko aukera ere egongo da behean, jai batzordeak txosna jarriko baitu. Argazkia: cc-by Algortako San Inazioak.

Astelehenean hasita, hilaren 22ra arte eskuratu ahal izango dira mozorro herri bazkarirako txartelak ondoko lekuetan: Eztabaida gune antiautoritarioa, Kantxa Kirol Moda, Sustrai eta Baserri. 7 euroren truke paella gozoa dastatzeko aukera egongo da, ogia, edariak (ardoa eta ura) eta postrea barne. Mozorro txapelketari dagokionez, taldekakoa izango da eta Kantxa Kirol Moda dendan izena eman beharko da astelehenetik aurrera, azken eguna hilaren 24a dela. Bertan emango zaizkie lehiaketaren oinarriak parte-hartzaileei. Sarietan 500, 350 eta 200 euro banatuko dira, lehenengo hiruren artean. Hain zuzen ere, Portu Zaharreko kontzertuetan ezagutzera emango dira saritutako koadrilen izenak.

Egitaraua:

Otsailak 18, larunbata. Umeen mozorro eguna.

11:30 Umeentzako tailerrak, Telletxen.
12:00 Euskal Inauterietako kalejira (Agurra Dantzari Taldea).
12:30 Mundakako Atorrak eta Lamiak (Itxartu Dantzari Taldea).
13:00 Diskofesta, Detraka Makin Eroa, Telletxen.
17:30 Umeen mozorro jaitsiera Telletxetik.
18:30 Umeentzako txokolatada, Telletxen.
19:00 Erromeria Aldats taldearekin, Telletxen.

Otsailak 19, igandea.

12:30 Erraldoi eta buruhandien konpartsa (Agurra Dantza Taldea): Sarrikobaso, Telletxe, Tangora, Sarrikobaso.

Otsailak 25, larunbata. Koadrilen mozorro eguna.

Koadrilen mozorro txapelketa, egun guztian zehar. Izen-ematea Kantxa Kirol Modan, hilaren 24ra arte. Bertan emango zaizkizue lehiaketaren oinarriak. Sariak: 500, 350 eta 200 euro.
13:00 Mozorro txapelketaren 1. puntuazio saioa, Telletxen.
14:30 Mozorro herri bazkaria, Telletxen. Euria egitekotan Zabala eskoletan. Menua: paella (postrea, ogia, ardoa eta ura barne). Txartelak 7 eurotan salgai Eztabaidan, Baserrin, Sustrain eta Kantxa Kirol Modan; hilaren 22ra arte.
16:00 Duo Deno bikotea: euskal kantak, Telletxen.
19:00 Mozorro txapelketaren 2. puntuazio saioa, Telletxen.
19:30 Mozorro poteoa, Telletxetik Portu Zaharrera.
20:00 Erromeria (1. zatia) Garraxi taldearekin, Telletxen.
21:30 Kontzertuak: Hamaiketan, Governors eta Vendetta (Portu Zaharra).
21:00 Erromeria (2. zatia) Garraxi taldearekin, Telletxen.
Kontzertuak amaitzean, mozorro txapelketaren sari banaketa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun