Ertzaintzak 56 urteko gidari bat atxilotu zuen larunbatean Avanzadako errepideak Erandioko udalerria zeharkatzen duen tartean. Gizonezkoak baimendutako abiadura bikoizten ei zuen eta, alkoholaren eraginpean aritzen omen zen. Gainera, "ausarkeriaz gidatzen" zuela dio
Herrizaingo Sailak zabaldutako informazioa. Atxiloketa goizeko lauak aldera gertatu zen. Ordu horretan, Avanzadan abiadura kontrola egiten zuten ertzainek 183 kilometro orduko zihoan auto bat hauteman zuten. Bertan baimendutako gehienezko abiadura 80koa denez, beste patruilei eman zieten arau-haustearen berri eta haietako batek autoa geldiarazi, gidaria identifikatu eta trafiko segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita atxilotu zuen, hiru eta sei hilabete bitarteko espetxe zigorra ekar diezaiokeena. Ohikoa denez, poliziek alkoholemia kontrola egin zioten. Proban, gidariari 0,68 miligramo alkohol litroko detektatu ei zioten, baimendutakoaren bikoitza baino gehiago. Bestalde, igandean beste gidari bat atxilotu zuten Getxo udalerrian, berak ere alkoholaren eraginpean gidatzen zuelakoan.