Joxe Arregi Izagirre zizurkildarra Guardia Zibilak atxilotu zuen Madrilen 1981eko otsailaren 4an, eta bederatzi egun geroago, hilaren 13an, "komisariako infernua atzean utzi, baina Carabanchel espetxeko ospitalean sartu behar izan zuten benetan egoera tamalgarrian", Amnistiaren Aldeko Mugimenduak urtero gogoratzen duenez. "Bere gorputza ubelduraz eta erreduraz josita zegoen, eta gutxi iraun zuen bizirik. Otsailaren 13 hartako bere hitzek ongi adierazten dute Joxe Arregik pairatu behar izan zuena. 'Oso latza izan da' esan eta heriotzaren marra igaro zuen", gaineratzen dutenez. Gaur betetzen dira 31 urte gertaera hartatik, eta hura gogorarazteko eta torturaren amaiera eskatzeko mobilizazioak izango dira Euskal Herri osoan zehar. Eskualdera etorri, gaur bertan kontzentrazioa egingo dute Sopelan, preso eta iheslari politikoen aldeko tokiko herri bilguneak deituta. Hitzordua 20:00etan jarri dute Udaletxeko plazan. Bitartean, Leioan, performance baten bidez eman zieten hasiera atzo torturaren kontrako ekimenei. Besteak beste, ostiralera arte, informazio mahaia eta erakusketa izango dira Kurkudi herriko tabernan eta Udondo gaztetxean, hurrenez hurren. Argazkian, Leioako ekimenak iragartzeko erabilitako kartela.